Erakusketan Izaskun Araluzea Itzak idatzitako testuaren argitalpena, hiru poster eta postal bat egongo dira. Postalezko 40 iruditan Bizkaian lehen aldiz egindako argitalpen artistikoa irudikatuko da.
KAO. Lora, Sandia ta Printzesa deitzen da Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako erakusketa. Bertan, hiru artistek Japonian igarotako arte egonaldian sortu zituzten lanak aurkeztuko dituzte; egonaldia ERTIBIL-BIZKAIA 2018 saria jaso ondoren gauzatu zuten. Hala, ekainaren 10etik irailaren 1era hiru artista hauen lanak erakutsiko dira Bilboko Berreginen Museoan: Maria Muriedas Diez (arte egonaldia Youkobo Art Space-n, Tokio-n egin zuen) Joshibi Tokioko Arte eta Diseinu Unibertsitatearekin lankidetzan; eta Maider Gonzalo Salceda eta Izaro Ieregi Gonzalez, arte egonaldia Studio Kura-n, Fukuoka-n, egin zutenak.
Euskara eta Kultura diputatuak, Lorea Bilbaok, erakusketa aurkeztu du ERTIBIL 2018ko irabazleekin batera, eta hauxe esan du: "ERTIBIL BIZKAIA finkatutako ekimena da, 37 urte dituena, eta oraingoan aurrerapauso bat gehiago egin dugu, Bizkaiko talentua lurraldean sustatzeaz gain nazioartean ere ikusgarri egitea". Lorea Bilbaok hauxe esan du: “Bizkaiko Foru Aldundiak bi egonaldi artistiko hauekin nahi duena da artistek bizitako esperientzien bitartez lana hobetzea eta garapen profesionala izatea, eta hala, kultura trukea sortzea. Azken finean, gauzak beste ikuspuntu batetik ikustea, artisten garapena lantzeko. Lurraldeko talentua sendotzeko eta hedatzeko beste ekimen bat da”.
Maria Muriedas Diezek, Maider Gonzalo Salcedak eta Izaro Ieregi Gonzalezek arte egonaldia 2018ko ekainean, uztailean eta abuztuan egin zuten, eta gaurtik aurrera erakutsiko dituzte esperientzia berri honi esker sortutako lanak.
Erakusketan egongo diren proiektuak
`Triple X´, Maria Muriedas Diez artistaren lana: Artistak bere belaunaldiko pertsonekin topaketak izan ditu eta argazkigintzaren testuinguruan poseekin zerikusia duten zenbait jokaera aztertu ditu. Modu horretan performance egoera bat sortzen da, eta hortik proposamen gisa partitura bat hedatzen da, interpretatua izateko baldintzak ezartzen dituena. Prozesuaren praktika eraikitzen doazen alderdiak dira zuzentzea, men egitea edo zoria.
Proiektua 2015ean hasi zuen EHUn artearen eta bere belaunaldiaren inguruko pertsonekin filmatutako argazkigintza saioak egin zituenean. Aurten Japonian saioak errepikatu ditu ezaugarri berdinak dituzten pertsonekin, baina kultura eta testuinguru ezberdinetakoak direnak hain zuzen ere.
Erakusketan proiektua dagoen espazioan banatutako lau pantaila ikus-entzunezko ezarri dira.
`Dragoi formako makila hartu duen gizona´ Maider Gonzalo Salceda artistarena: Japoniako egonaldian nagusiki Itoshima eta Fukuoka inguruetan ateratako argazkiez osaturiko lana ikusi daiteke museoko paretetan eta baita bideo proiekzio bat ere. Egonaldian zehar, Maiderrek argazki batzuk inprimatu eta estudioko horma batean jarri zituen konposizio bat egiteko. Prozesu horren ondorioz, argazkiak eta espazioa lotzen hasi zen. Bere estudioa kaletik ikusten zen eta jendea estudiora sartzen zen bakoitzean hormaren aurrean argazkiak ateratzen zizkien. Paretak hondo lanak egiten zituen. Orain Berreginen Museoko erakusketan hondoaren gai horrekin jarraitzen duela ikusi daiteke.
`Txandal´, `Japan night album´ eta `Miyako´ proiektuak, Izaro Ieregi Gonzalez artistarenak: Txandal izeneko lehenengo proiektuan bi pantailako bideo instalakuntza dago. Aurretik egindako ariketen filmaketa eta argazki sesio ezberdinen jarraitze naturala da. Sei ekintzek koreografia bat osatzen dute. Miyako hiru pantailaz osatutako bideo instalakuntza da. Fukuokako metroan zoriz ezagututako opera abeslari batekin egindako lana da. Bukatzeko, Japan night album Izarok egindako hirugarren proiektua da; Japonian grabatutako bideo baten frame-tatik ateratako argazkiekin egindako instalakuntza da.
Artisten biografiak
Maria Muriedas Diez
Mungiako artista honek (1994) Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederretako Gradua bukatu zuen 2016an, eta 2017an, unibertsitate berean, Arte Garaikideko, Teknologikoko eta Performatiboko masterra bukatu zuen.
Argazkigintzan eta bideogintzan lan egiten du gehienbat. 2017an EHUko beka bat eskuratu zuen Renon (NV, AEB) egonaldi artistikoa egiteko, eta urte berean Getxoarten, Praktika Artistikoen Aretoan, ohorezko aipamena jaso zuen. Parte hartutako erakusketa kolektiboetan zehar `Zabor Zuria´ erakusketa azpimarratu behar da, Jon Otamendik koordinatua eta EREMUAKek antolatua HARRIAK programaren barnean 2016an, baita “GALERIAK Oskola Parau” izeneko erakusketa ere, OKELA Sormen Lantegiak sustatua Getxoarte 2018 ekimenean. Orain dela gutxi ERTIBIL BIZKAIA 2018ko lehenengo saria jaso zuenez Tokion, Japonian, egonaldi artistikoa egin du eta Getxoarte 2018 ARETOA saria eskuratu du.
Maider Gonzalo Salceda
Erandio (1994). Arte Ederren Gradua bukatu zuen EHUn 2016an. 2018an Arteko Ikerketa eta Sormen masterra egin zuen EHUn. Hirugarren saria jaso zuen Ertibil Bizkaia 2018 programan eta Japonian, Fukuokan, hiru hilabeteko egonaldia egin zuen horri esker.
Bost erakusketa kolektibotan parte hartu du: 2019 `Dime Dame´ Aire galeria-n; 2018 `Ertibil Bizkaia´; `arte ederrak 2018´ Zarautz; 2018 `Bilakaera´ Okela sormen lantegian; 2016 `Zabor zuria´ Arrasateko Kultur Ate-n Harriak, Eremuak programarekin.
Izaro Ieregi González
Getxo, (1989), EHUn Arte Ederretan lizentziatu zen 2010ean. 2013an beste bi emakume artistekin batera OKELA espazioa sortu zuen Bilbon, eta bertan egon da lanean 2019ko abendura arte. Erakusketa indibidualak egin ditu Ariz Dorre Etxean, Basaurin (2017); C.C. San Martin-en, Buenos Aires-en (2017) eta Chinese European Art Centre-n, Xiamen-en (2017). Bere lanak beste espazio batzuetan ere aurkeztu ditu: Bilboko Guggenheim Museoan (2017), NY Space-n, Manchester-en (2016) edo Getxoarten (2016). Egonaldi artistikoak egin ditu Bilbaoarte fundazioan (2016an Bilbon) eta Tabakaleran (2018an Donostian). 2018an ERTIBIL BIZKAIA ekimeneko bigarren saria irabazi zuen eta egonaldi artistikoa egin zuen Studio Kura-n, Japonian.