Erromako Goi Inperioaren Aroko piezen handitasunaz gozatzeko aukera ematen du erakusketak, xehetasun ugariz beteak eta irudimen handikoak apainketaren aldetik
Horrez gain, galvanoplastia ezagutzeko aukera izango da, metalezko piezen fabrikazio elektrikoan oinarritutako formula, jatorrizkoarekiko ikaragarri fidelak
Eskulturako Museo Nazionalak antolatutako erakusketa honek haren biltegietan hamarkadetan gordetako piezak ekarri ditu Bilbora
Bizkaiko erakundeak 2019ko urriaren 17tik 2020ko maiatzaren 24ra arte aurkeztuko du erakusketa hau
Bilboko Berreginen Museoak Altxor elektrikoak aldi baterako erakusketa berria aurkeztuko du 2019ko urriaren 17tik 2020ko maiatzaren 24ra arte. Eskulturako Museo Nazionalak antolatuta iritsi da erakusketa Bilbora, eta Bizkaiko erakundeak denboraldi honetarako egindako apustu nagusietako bat da.
Erakusketako objektuak dualtasunak markatzen ditu. Batetik, Erromako Goi Inperioaren Aroko altzari, ontzi eta hatu erritualen isla dira. Xehetasun ugariko piezak, dotoreak proportzioetan eta irudimen handikoak apaingarrietan. Bisitaria Erroma hedonistara eramango duten zinezko artelanak, oparotasunak, mito klasikoek eta plazer finduek markatutakoa.
Betiere, ahaztu gabe haiei aterpea emango dien lekua Berregin Artistikoen Museo bat dela. Horregatik, ez dira jatorrizko objektuak. 1880. eta 1915. urteen artean Berregin Artistikoen Museo Nazionalerako hiru aztarnategitako aurkikuntza garrantzitsuenak berreginez fabrikatutako piezak dira: Vesuvioko hiriak (Ponpeia eta, neurri txikiagoan, Herkulano); Bernayko altxor frantsesa; eta Hildesheim altxor alemana.
Erakusketan sartu orduko nabarmendu beharreko lehen pieza Clamondeko Pila Termoelektrikoa da, MUNCYTek (Zientzia eta Teknologiako Museo Nazionala) egindako mailegua, hastapeneko industria galvanoplastikoa ahalbidetu zuen asmamen elektrikoetako bat. Bernayko Altxorrari eskainitako atalean, eszena bakotarren erliebeekin, zentauro ar zein emeekin eta kupidoekin oso modu aberatsean apaindutako bi eszifo nabarmentzen dira.
Hildesheimeko altxorraz mintzo den erakusketako atala Hildesheimeko Kratera daukalako nabarmentzen da, XIX. mendearen amaierako kopia galvanoplastiko bat (nazioarteko beste museo garrantzitsu batzuek enpresa berak, Christofle & Cie.-k, egindako kopiak dauzkate), zeinari esker gaur egun dakigun nolakoa zen II. Mundu Gerran galdutako jatorrizkoa.
Jada bigarren solairuan, Ponpeiako objektuen artean, nabarmentzekoa da Mensa Delfostarra, erromatar altzari bikain apaindua.
Erakusketaren beste aldea, ikusleari ongietorria egiten diona, une horretan argitzen da, bisitariak bere buruari galdetzen dionean kopia horiek nola egin ziren. Puntu horretan, objektu arkeologiko horien erakusketa huts izateari utzi, eta erakusketa guztiz kitzikagarri bihurtzen da Altxor elektrikoak. Izan ere, erakusketa osatzen duten faksimileak ez daude eskulangintzaren edo igeltsuan egindako hustuketaren ohiko prozeduraz eginda. Objektu horiek XIX. mendean sortu ziren galvanoplastiaren bidez. «Argindar Maitagarriak» menderatutako mende amaiera horretan, metalezko berreginen artea energia horren aplikazio burutsuenetako batez baliatu zen. Metalezko piezen fabrikazio elektrikoan oinarritutako formula bat da; piezak oso fidelak dira jatorrizkoarekiko eta haien prozesuak jakin-min handia piztu zuen garai hartan.
Beraz, erakusketan ageri da nola produktu edo prozesu guztiz industrial bat hirietako burgesia berriari zuzendutako ekoizpen artistikoaren parte bihurtzen den.
Prozesu hori erabiltzen jarraitzen da gaur egun ere aplikazio industrial batzuetan. Urrutira joan gabe, adibidez, autoak margotzeko. XIX. mendean, beste gauza askoren artean, metalezko objektuen kopiak egiteko erabili zen (baita artearekin lotuta ere), bai eta produktu batzuk edo eliza batzuen barrualdeak urreztatzeko eta zilarreztatzeko ere.
Horregatik, erakusketak, publikoa Erromara gerturatzeaz gain, bigarren iraultza industrialera ere eramaten du, XIX. mendearen azken hamarkadetakora. Historiaren une horretan, arte dekoratiboetara ere iritsi ziren aurrerapen teknologikoak lortu ziren, eta horrek ordura arte izan gabeko aitortza eman zien. Klase sozial berri baten eskariak, burgesiarenak, eta estatuek artearen bidez gizartea hezteko zuten xedeak, eragin zuten museo batzuek, berreginenak horien artean, gorakada handia izatea, guztien esku jartzen baitzituzten artelan eta monumentu garrantzitsuak.
Orduko jendeak egindako aurkikuntzei eta kezkei esker goza dezakegu gaur egun Altxor elektrikoak erakusketa. Ikusleak Bilboko Berreginen Museoan aurkituko duen piezen hautaketa gutxitan ikusi ahal izan da, eta bilduma berria da, Bizkaiko erakundean orain artean inoiz ikusi gabekoa.
Erakusketako bitxi batzuk:
Clamondeko Pila Termoelektrikoa
Pila termoelektrikoak, Thomas Seebekek 1821ean sortuak, Clamondeko pilarekin iritsi ziren adibide garrantzitsuenetako bat izatera – Clamondeko pila termoelektrikoa 1900-1920. Pila termoelektrikoen oinarrian, tenperatura berean bi metalen artean intentsitate aldakorreko korronteak sortzen direlako printzipioa dago. Metal beraren zatiak tenperatuta desberdinetan berotuta ere gertatzen da hori.
Erakusketan ikusgai dagoen gailua Zientzia eta Teknologiako Museo Nazionalaren bildumakoa da, eta 66 elementu termopare dauzka, Marcusen metaleko piezaz osatuak –antimonioko bi zati eta zinkeko bat– metaletako batentzat eta burdinazko xaflaz bestearentzat. Bikote horiek bata bestetik material erregogorrez inguratutako burdinazko zilindro huts baten inguruan mihiztatzen diren mikazko xaflaz bereizitako 11 unitateko koroatan banatzen dira. Barneko espazioan, gasaren errekuntzaz sortutako energia termikoa pilaren barruko soldaduretara banatzen duen pizkailua ezartzen da; soldadura horiek berotu egiten dira, eta kanpokoak, aldiz, ikusteko moduan dauden bakarrak, girokotik hurbil dagoen tenperaturan geratzen dira. Pila horiek laster hondatzen ziren, eta garestiak gertatzen ziren erregaiaren gastuaren ondorioz.
Bernayko Altxorraren eszifoak
Edarien kontsumorako berariaz sortutako hainbat ontzi daude, jatorri helenistikoa dutenak, hala nola bi eskulekuko kikarak (eszifoak) eta kopak (canthari, calices…). Ontzi horien artean, eszifoek bikotea osatu ohi dute eta oparo apainduta egon ohi dira. Gai begetalak erabiltzen direnean, apainketa berdina izaten dute bikoteko bi piezek. Motibo figuratiboak erabiltzen direnean, berriz, bi ontzietako irudiek gai bera partekatzen dute, baina diseinua errepikatu gabe. Hori da Bernayko Altxorreko Eszifoen kasua. Bietan, Bakoren, ardoaren jainkoaren, munduari erreferentzia egiten dioten eszenak ikusten dira, baina bietan, halaber, erakusketa osoan bezala, dekorazioa bikoitza da. Zentauro ar bat eta zentauro eme bat irudikatzen ditu bakoitzak, eta bakoitzean ardoaren plazerak gozatzen dituen pertsonaia bat dago, eta ardoaren gehiegikeriak nozitzen dituen beste bat. Alabaina, pertsonaia horiek kontrajarrita agertzen dira bi ontzietan.
Hildesheimeko Kratera
Kratera dotore honen jatorrizkoa II. Mundu Gerran galdu zen, eta gaur egun haren kopia galvaniko batzuk baino ez dira kontserbatzen. Augustoren garaiko zilargintzaren loratze tekniko eta artistikoaren adibide onenetakotzat jotzen da. Kratera kanpai formakoa da, eta gorputza zizelez amaitutako bozelketa dotore batez dekoratua dauka. Oso apaindura-motibo sotilek hartzen dute edalontziaren azalera; behealdean, posizio heraldikoan aurrez aurre jarritako grifoak; horietatik kiribil arinen espiral harmoniatsuak sortzen dira, izkirak eta arrainak arrantzatzen ari diren kupidoz populatuak. Bizitzaren ezegonkortasuna eta gazteriaren indarra gurtzen dutela dirudi.
Mensa Delfostarra
Apartekoa da tripodea, mensa delphica deritzona, Delfosko tripodearekin duen egiturazko analogiarengatik. Nabarmentzeko moduko pieza da hala bere proportzioengatik nola apaintzen duen eskultura-lanarengatik. Hankak katu-erpeetan amaitzen dira eta boluta begetal estilizatuek lotzen dituzte. Goiko aldean hegodun esfinge delikatuekin, ahari buruekin eta girlanda begetalekin apaintzen dira. Pieza hau, erabilera kulturalekoa, Ponpeiako Isis tenpluan aurkitu zen, baina domus zeritzonaren altzairuetara egokitu zen azkenerako. Kasu horietan, haien lekua triclinium zeritzona zen, etxearen jabeak eta haien gonbidatuak janariaren, konpainiaren eta solasaren plazerak dastatzen zituzteneko gela.
Erromaren zale sutsua al zara? Jakin nahi al duzu nola eragin zuen eta eragiten duen argindarrak artean? Hau da, dudarik gabe, zure erakusketa. Aurkitu itzazu gizateriaren Altxor elektrikoak Bilboko Berreginen Museoan.