Bilboko Berreginen Museoak argazki erakusketa bat inauguratuko du

Erakusketa
2021eko Urriaren 14tik 2022ko Apirilaren 25ra

Musikaren eremuarekin eta disko ezagunekin lotura duten euskal kulturako hainbat pertsonaia, jatorri askotakoak, ezagutuko ditugu irudi horien bitartez

 

Erakusketa hau Berreginen Museoak sortu du museoan bertan erakusteko, eta argazkilaritzaren aldeko apustua egiten du bertan, haren alderdi artistikoa indartuz

 

2021eko urriaren 14tik 2022ko apirilaren 25era bitartean egongo da ikusgai Bizkaiko erakundean.

 

 

Bilboko Berreginen Museoak norabidez aldatuko du 2021-2022 ikasturteko aldi baterako erakusketei dagokienez, “Diskomania” erakusketaren inaugurazioarekin. Oraingo honetan, beste erreprodukzio edo berregite modu batean jarriko du arreta, argazkilaritzan hain zuzen ere, baina alde batera utzi gabe igeltsuzko eskulturak. Museoko Marrazki Ikastaroko ikasle izan den Jose Madrid Santurtun argazkilariaren lanari eta Museoaren zerbitzu teknikoari esker sortu da erakusketa berri hau. Euskal kulturako 25 pertsonaiaren erretratuz osatutako erakusketa da honako hau; denek dute lotura musikarekin, eta hainbat jatorritakoak dira.

Argazki guztietan nabarmentzen da alderdi artistikoa, artearen plastikaren eta rockaren lehenengo oroitzapenen artean, betiere. Eta horren guztiaren helburua da erakustera ematea hainbat mito, rockaren pertsonaietan hezurmamitutako mito modernoak, baina baita blues, pop, bossa nova eta abarretako pertsonaietan hezurmamituak ere.

Hona 25 protagonistak: Uxue Alberdi idazlea, Antonio Altarriba komiki-gidoilaria, Carlos Arco “Los 40 principales” kateko zuzendaria, Jon Barrasa disko-saltzailea, Edu Basterra musikaria, “La Basu” rap abeslaria, Roge Blasco kazetaria, Francis Díez (Doctor Deseo) musikaria, Coni Duchess (Capsula) musikaria, Pablo Gallo margolari eta idazlea, Gari (Hertzainak) abeslaria, Álvaro Heras kronikagilea, Estibaliz Hernández de Miguel idazle eta ilustratzailea, Pedro Elías Igartua irakaslea, Nagore Martínez Jauregi artista, Ricardo Lezón musikagilea, Mertxe Marcos diseinatzaile grafikoa, Jose López Iturriaga musikaria, Miren Agur Meabe idazlea, Roberto Moso kazetaria, Miriam Ocariz diseinatzailea, Jokin Oregi antzerki zuzendaria, Rafabilly disko-saltzailea, Joserra Rodrigo musika-dibulgatzailea eta Loles Vázquez (Las Vulpes) musikaria. Erakusketa hau mugarria izango da Berreginen Museoko erakusketen historian.

Argazkilaritzaren bitartez, XX. eta XXI. mendeetan gehien erabili den berregite teknika artistikoa txertatu nahi izan du Bizkaiko erakundeak bere programazioan. Baina hori gutxi balitz, berregite horietako bakoitzaren barruan beste bat egongo da: 25 erretratuetako bakoitzean irudi zentrala izango den diskoa. Ahaztuta dagoen berregite edo erreprodukzio forma bat da, baina urteen joanean oso presente egon dena. Gainera, protagonista horietako bakoitzak abesti bat hautatuko du bere diskoan.

Erretratuz betetako erakusketa bat da, eta, erretratu horien bitartez, erakusketari hasiera ematen dion Homeroren bitartez esaterako, erretratuetako pertsonaiek zein eusten dituzten diskoetako musikari protagonistek kontatzen dituzten istorioak ezagutuko ditugu.

Estatuak eta erretratuak, nolabait esatearren, ezin konta ahala istorioren, antzinako zein modernoen, irudi dira, eta musikaren eta narratiba bisualaren konbinazio perfektua osatuz lotzen zaizkie elkarri.

Azken batean, “Diskomania” erakusketak paralelismo bat sortzen du greziar iraganeko pertsonaien eta orainaldiko erretratuen artean, antzinatasuneko heroien eta mito moderno berrien artean, igeltsuzko estatuen hiru dimentsioko berregiteen eta argazkilaritzaren bi dimentsioko berregiteen artean, eta betidanik gizadiaren eragile izan diren kezkak kontatzeko bi moduen artean. 

 

Erakusketaren liburuxka: https://static.bbmuseoak.eus/bilboko-berreginen-museoa/files/exposiciones/folletos/folleto-dk-eu.pdf