Amatasunaz hitz egiten duen erakusketa da, seme-alaben oroitzapenetatik sortzen dena eta arte mota ezberdinak nahasten dituena
Publikoarentzat 2024ko urriaren 25etik 2025eko maiatzaren 5era arte egongo da zabalik
Lankidetza apartari esker erakusketan Arriagaren, Berreginen Museoaren eta Euskal Museoaren lanak nahasten dira
Erakusketa honen komisarioa Itziar Martija, Museoko teknikaria, da
Bilboko Berreginen Museoak “AMA” aldi baterako erakusketa berria inauguratu du. Aurkezpenean Leixuri Arrizabalaga, Euskara, Kultura eta Kirol diputatua, Gonzalo Olabarria, Bilboko Udaleko Gobernantza eta Kultura zinegotzia, Sorkunde Aiarza, Museoko zuzendaria, Itziar Martija, erakusketaren komisarioa, eta Jose Pablo Arriaga eskultorea izan dira.
Oraingo honetan erakusketa lankidetza bikoitzari esker burutu da. Alde batetik, Jose Pablo Arriaga artistak bere amaz dituen oroitzapenetatik abiatuta sortu dituen eskulturak ditu. Bestetik, erakusketak Euskal Museoaren bildumako hainbat pieza erakutsiko ditu, amatasunarekin lotutako oroitzapenak eta gaiak gogora ekartzen dituztenak.
Bi mundu horiek Bilboko Berreginen Museoko bildumaren zati batekin nahastuko dira Bizkaiko erakundean orain arte inoiz ikusi ez den diziplina anitzeko erakusketa sortuz. Obrak 2024ko urriaren 25etik 2025eko maiatzaren 4ra arte egongo dira ikusgai.
AMAREN GARAPENA
Seme-alaben oroitzapenak, memoria, irudiak, usainak, zaporeak, sentsazioak... hori da “AMA”.
Erakusketa omenaldi eskultoriko batetik abiatzen da, Jose Pablo Arriaga artistak bere amari artearen bidez egiten diona.
Bere eskulturekin euskal artistak une esanguratsu, argigarri eta sinbolikoak dakartza gogora, bien bizitzetan korapilatzen eta ehuntzen direnak. Inspirazioa bere ama jaio zen Mutrikuko Etxerre baserritik sortu zen; inspirazioa, halaber, baserriak ondoan dituen eta toki horri hertsiki lotuta dauden negutegietatik, metalezko arkuekin itsasontzietako suakerrak gogora ekartzen dituztenak, sortzen da.
Obra hauek haurdunaldiaren besarkadarik beroenetik gure ama nagusien zaintzara arteko historia kontatzen dute. Ama izateak esan nahi duenaz hitz egiten dute, gatazkei aurre egitetik hasi eta biologikoki ama izan gabe amatasunaren rola benetako maitasunez onartzeraino.
Baina bere eskulturak ez daude bakarrik. Berreginen Museoan ad hoc instalatuta formak, istorioak eta esentziak partekatzen dituzte beste hainbat lanekin. Horietako batzuk Euskal Museokoak dira. Arriagaren baserria eta negutegiak bezala, pieza hauek gure iraganaren, gure bizipenen, gure tradizioen parte dira eta, jakina, amak ekartzen dituzte gogora.
Eta azkenik, zuria zuriarekin ehunduz, obra horien guztien artean Berreginen Museoko estatuak altxatzen dira. Itsasargiak balira bezala jendea beste garai batzuetara eramaten dute eta amatasunaren ideia oroimenera ekartzeko modua zein gutxi aldatu den gogorarazten digute.
AMAREN PIEZAK
“AMA” erakusketa 24 piezaz osatuta dago.
Jose Pablo Arriagaren obrei dagokienez, gehienak harri akrilikoz eginak dira; pieza batzuek egurra eta pvc-a ere badute. Gainera, badira salbuespenak, adibidez Eko obra, metakrilatoz eta egurrez egina.
Guztiak 2023 eta 2024 urteen artean gauzatu dira euskal artistak Markinan duen tailerrean.
Jose Pablo Arriagaren 11 piezak, “Ama” serieari izenburua ematen diona izan ezik, Euskal Museoaren eta Bilboko Berreginen Museoaren bildumetako lan batekin edo batzuekin parekatu dira. Harreman hauek gauzatzeko abiapuntua artistak bere lan bakoitzarekin transmititu nahi zuena izan da. Horrela elkartze bakoitzak diskurtso komuna partekatzea lortu da, erakusketa-ibilbideari koherentzia emanez. Loturak batzuetan agerikoak eta beste batzuetan sotilagoak dira, eta erakusketan ematen diren testuetan jaso dira tonu poetikoko mikronarrazio bihurtzea lortuz.
Euskal Museoko piezak berezitasunagatik eta aniztasunagatik nabarmentzen dira. Titiburuak alderantzikatuta zituzten emakumeei bularra ematea errazteko erabiltzen zen egurrezko txopera batetik, IX. mendeko txokolate-ontzi edo girokonpas bateraino. Pieza horiek guztiak erakusketaren gaiari buruzko ikuspegi berriak ematen saiatzen dira.
Beste alde batetik, Berreginen Museoko bildumako estatuak aukeratzerakoan erlazio zuzenagoko planteamendua erabili da; horrela Samotraziako Viktoria, antzinako ontzi baten brankan nabigatzen simulatzen zuena, Bela piezarekin lotu da, bien arteko kidetasun tematikoa argia delako. Era berean ninfa grekoaren mitoa gogora ekartzen duen Eko lana Quiosko Kore obrari kontrajarri zaio, bere forma femeninoak amatasunera bideratutako neska guztiek desiratzen zituztenen eredu zirelako.