Artista erakusketaren inaugurazioan izan da; bertan izan dira baita ere Euskara, Kultura eta Kirol sailburua, Leixuri Arrizabalaga, Kultura eta Gobernantza Saileko zinegotzia, Gonzalo Olabarria, eta erakunde bizkaitarreko zuzendaria, Sorkunde Aiarza
Artelanak, Iñaki eta Nico protagonista dituzten eszenak irudikatzen dituztenak, Museoan egongo dira ikusgai 2025eko otsailaren 19tik martxoaren 16ra
Goikoren arabera, “lan honen emaitzak esparru pertsonala gainditzen du, eta hobekuntzaren eta aniztasunaren testigantza historiko bihurtzen da, hain zuzen ere Bilboko gizarteak ondo ezagutzen dituen elementuak”
Bizkaiko erakundeak eta artistak apustua egin dute lan hori ikusgai jartzeko kultura, historia eta pasioa uztartzen dituen espazio batean
Bilboko Artelan Berreginen Museoak “Ametsa eta Argia, Sueño y Luz” espazioa inauguratu du, Xabier Goiko artistak Williams anaien inguruan egindako artelanekin. Margolariarekin batera inaugurazioan izan dira Leixuri Arrizabalaga, Euskara, Kultura eta Kirol sailburua, Gonzalo Olabarria, Kultura eta Gobernantza Saileko zinegotzia, Sorkunde Aiarza, erakunde bizkaitarraren zuzendaria, Jon Ruigomez, Athletic Clubeko bigarren presidenteordea eta Asier Arrate, Athletic Club Museoko zuzendaria.
Margolan nagusiak 182 cm x 300 cm-ko formatua du, oihal gaineko olio-pintura bat da eta “Williamstarrak” du izena. Williams anaien eta beren ama María Arthuerren bizi-ibilbidea kontatzen du, sakrifizioa eta pertseberantzia nabarmenduta. Afrikako eta Euskal Herriko paisaiak uztartzearen bidez, pinturak kultura anitzeko nortasunaren aberastasuna islatzen du. Bertan, Iñaki eta Nico “sinbolo gisa agertzen dira, integrazioak eta elkarrekiko errespetuak komunitate bat aberastu dezaketela erakutsiz eta etorkizuneko belaunaldientzat erreferente bihurtuz”, adierazi du Goikok.
María Arthuer amak Williams anaien ibilbidean izan duen garrantzia eta aurkeztutako obretan duen presentzia dira Bilboko Berreginen Museoa erakusketa hau antolatzera eraman duten arrazoietako batzuk. Bizkaiko erakundeak “AMA” aldi baterako erakusketa hartzen du gaur egun, amatasuna hizpide duen eta seme-alaben oroitzapenetatik sortzen den erakusketa; kontzeptu hori bat dator erabat Goikoren margolanekin. Gainera, pinturetan agertzen diren gaiak, hala nola kultura aniztasuna, funtsezkoak dira Bizkaiko erakundearentzat, museoak antolatzen dituen jarduera guztietan.
Pinturak azpimarratzen du kirolak eta arteak gizartea eraldatzeko motor gisa jardun dezaketela. Ikusleak Williamstarren historiarekin lotzearekin batera, ikusleak hausnartzera gonbidatzen ditu ahalegin kolektiboak ezbeharrei aurre egiteko eta gizartean aldaketa positiboa sortzeko duen gaitasunaren inguruan.
“Williamstarrak” ez ezik, beste bost lanek osatzen dute erakusketa. Horien artean “Heroia” nabarmentzen da, gure beldurrei aurre egiteko eta horiek gainditzeko ditugun moduak irudikatzen dituena. Lan horiek guztiak “Ametsa eta Argia, Sueño y Luz” erakusketaren parte dira.
Hau ez da Xabier Goiko futbolariengan inspiratzen den lehen aldia. Haien inguruan egin zuen lehen artelana Iñaki Williamsen emazte Patricia Moralesek eskatuta sortu zuen, margolan berdingabe eta pertsonalizatu batekin harritu nahi baitzuen senarra. Artelana bere estudioan entregatu zuenean, Iñaki harrituta geratu zen lanarekin. Elkarrizketa batean, Goikoren sorkuntzez interesatu zen, eta halaxe sortu zen bere anaia Nico ere barne hartuko zuen obra askoz berezi, bakan eta sinbolikoago bat sortzeko ideia. Artistak zera proposatu zion: anaien historia kontatzeaz gain, beren kirol-ondarearen eta ordezkatzen dituzten balio unibertsalen arteko zubi gisa ere jardungo zuen obra bat egitea. Hala, margolanak “esparru pertsonala gainditzen du, eta hobekuntzaren eta aniztasunaren testigantza historiko bihurtzen da, hain zuzen ere Bilboko gizarteak ondo ezagutzen dituen elementuak”.
Elkarri lotzeko artelan bat
Xabier Goikoren asmoa da pinturak zuzeneko lotura izan dezala komunitate zuri-gorriarekin, eta zubi emozional gisa jokatu dezala Athletic Clubeko historiaren eta Williams anaiek irudikatzen duten orainaldi eraldatzailearen artean.
Goikoren hitzetan, “Williamstarrak” ez da koadro soil bat, ikusleei anaien istorioen eta nork bere burua hobetzeko narratibaren arteko paralelismoak identifikatzeko gonbita egiteko tresna bat da. Aniztasuna eta ahalegina ospatzean, pinturak balio unibertsalak sustatzen ditu, zeinak funtsezkoak baitira gizarte kohesionatu eta erresiliente bat garatzeko. Lan honek gizarte- eta kultura-aldaketak dokumentatzeko eta interpretatzeko bitarteko gisa kokatzen du pintura, memoria kolektibo bat sortzeko duen zeregina berretsiz”.
Artea, kirola eta euskal nortasuna lotzen dituen kontakizun bisuala da. Berreginen Museoan ikusgai jarri den erakusketak aukera paregabea eskainiko dio publikoari aniztasunaren inguruan hausnartzeko.
“Espero dut artelan honek ikusleak inspiratuko dituela amets egitera, oztopoak gainditzera eta desberdintasunak gure gizatasun partekatuaren parte integral gisa goraipatuko dituen etorkizun bat eraikitzera”, esan du Goikok.
Xabier Goiko
Xabier Goiko artistaren ibilbidea artearekiko duen etengabeko grinak eta dedikazioak markatu dute. 2018an UPV/EHUn graduatu zen eta Eusko Jaurlaritzaren beka bat lortu zuen pintura-masterrean espezializatzeko. Masterra espediente akademiko azpimarragarri batekin amaitu zuen.
Prestakuntzaren arloan nazioarteko esperientziak ere bizi izan ditu. 2019an, Txinako Gobernuak Xabier hautatu zuen “Eye of the World, Discovery of Chongqing” bekan parte hartzeko. Aukera paregabe horri esker, ekialdeko kultura eta artea aztertzeaz gain, bere lanak nazioarteko testuinguruetan jarri zituen ikusgai. Aldi horretan, kolorean eta narratiba bisualetan sakondu zuen, eta bere ondare kulturala nahiz Munduaren ikuspegi garaikidea islatzen dituen lengoaia artistikoa hobetu zuen.
Alderdi profesionalari dagokionez, erakusketa askotan hartu du parte. Horien artean, nabarmentzekoak dira Sichuan Fine Art (Txina, 2019) entzutetsuan egindako erakusketa, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoarekin (Artium) 2020an egindako “Su Sekretua” lanaren aurkezpenean izandako lankidetza, eta Bartzelonako Diputazioarentzat Arte Garaikidearen Nazioarteko eta Diziplina Anitzeko 41/42 Erakusketan Abartium galeriarekin izandako parte-hartzea (2021-2022). Arteari buruzko bienaletan ere ikusgai jarri ditu bere lanak, hala nola Ourenseko Museoko Arte Garaikidearen Bienalean, Galizian (2021).
Sormena eta hausnarketa soziala uztartzen dituzten proiektuak garatzen ditu beti, Williams anaien koadro berria kasu. 2021ean Goiko Estudio sortu zuen. Bilbon kokatutako estudio galeria bat da, non egitate artistikoaren eta pertsonen arteko pintura eta tatuajea transmititzen, ikertzen eta sortzen den.
Horrez gain, Goiko Estudiok Euskal Herriko arte- eta kultura-jarduera aberasteko konpromisoa hartu du, eta tokiko arte-komunitatearekin bat egiten du.