Gau Irekia 2019: Art Market azoka Berreginen Museoan eta San Frantziskoko aztarnategira bisitak
Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako jaialdi parte-hartzailea da, Sareanek antolatutakoa
Abenduaren 14an izango da
Bizkaiko erakundeak egun horretan bertan egingo du Art Market delakoa, 10:00etatik 15:30era
Gainera, San Frantziskoko aztarnategia irekiko da, 11:00etatik 14:00etara, eta doako bisita gidatuak egongo dira
Bilboko Berreginen Museoak beste behin ere Gau Irekian parte hartuko du. Ekitaldi sozial eta kulturalez betetako iluntze-gaualdia da, hainbat gune (eta kale) hartzen dituena, San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabala auzoetan. Ekitaldirik garrantzitsuena Sarean elkarteak antolatzen du, eta hainbat kolektibo eta pertsona motak parte hartzen dute, beren jarduerak sortuz edo horiekin gozatuz.
Hona hemen, Bizkaiko erakundeak aurtengo abenduaren 14rako antolatu duen egitaraua:
18:00etatik 19:00etara:
Karla Tobar, instalazioa.
Eskultura-performancea, ordenagailu eta inprimagailu baten arteko elkarrizketa.
20:00etan:
Almudena Pérez, Room
Room dantza garaikideko proposamen bat da. Roomek, ingelesez, lekua eta gela esan nahi du. Bi kontzeptu horiei erreferentzia eginez, pieza honek esperientzia pertsonal bat du muinean. Etxera itzultzearena, urte luzez kanpoan izan eta gero. Etxe bat, espazio bat norberarena eraikitzeko gurariarena.
Proposamen hau Eusko Jaurlaritzaren Dantzan Bilaka sorkuntza koreografikoko programaren 2019ko edizioan parte hartzeko aukeratu zuten. Tabakaleran estreinatu zen, 2019ko urrian.
20:30ean:
Koldo Arostegi, Bobo
Bobo bakarkako saio eszenikoa da, hainbat lengoaia nahasten dituena: dantza garaikidea, antzerki dantza eta kantua.
Saiatzen naiz haur-espazio batera itzultzen, zeinean ez ditudan epaituko nire emozioak, obsesioak eta ametsak, eta gorputz bat eskaintzen diet, horiek adierazteko... Mugitzearen eta oso hurbileko moduan zabaltzen den iruditeriaren gozamena aurkitzen dut, nire gorputzarekin, mugimenduekin eta egin ditzakedan soinuekin jolastuz soil-soilik. Abestiak eta oroitzapenak agertzen dira; Lola Flores iristen da, eta kontatzen digu zer den bizitza, eta gehien txunditzen nauten errealitatearen xehetasunak aukeratuz, ez aurrera ez atzera gelditzen naiz, buklean biraka.
Jarduera horiei buruzko informazio gehiago, esteka honetan: www.gauirekia.com
Halaber, egun horretan bertan, abenduaren 14an, Berreginen Museoan Art Market ezaguna egingo da 10:00etatik 15:30era bitartean, San Frantziskoko azoka dela-eta. Dakizuenez, San Frantzisko auzoko Mariaren Bihotza plazan egiten da. Espazio honi esker, artistek aukera izango dute goiz batez beren lanak Museoan erakusgai jartzeko, eta bertaratzen diren ikusleek lanok ikus ditzaten.
Eguna osatzeko, Mariaren Bihotza plazan kokatutako eta Berreginen Museoak kudeatzen duen San Frantziskoko Aztarnategiak ateak irekita edukiko ditu, 11:00etatik 14:00etara. Goizean zehar, bi bista gidatu egingo dira bertan: lehena, euskaraz, 11:30ean, eta bigarrena, berriz, gaztelaniaz, 12:30ean. Aztarnategiko sarrera eta bisita doakoak izango dira. Bisita gidatuan parte hartzeko, beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea, 94.415 02 31 telefono zenbakira deituta.
Nor etorriko da jarduera kulturalez betetako programa honetara?