Bilboko Berreginen Museoak “20 emakume 20 liburu” hitzaldia aurkeztuko du
Jarduera hau “20 gorputz 20 artista” gure aldi baterako erakusketa berriaren barruan dago
Hitzaldia azaroaren 11n (asteazkena) izango da, 18:00etan, eta erakusketaren hurbilketa bat egingo du, emakumezkoen 20 gorputzen istorioez baliatuz, hain zuzen, literatura-narrazioen bidez
Josune Muñoz, filologoa eta emakumezkoen literaturaren ikertzailea, izango da hizlaria
Parte hartzeko, ezinbestekoa izango da aurrez lekua hartzea, 94 415 02 31 telefonoan
Bilboko Berreginen Museoak, BBK Fundazioarekin elkarlanean, duela gutxi ireki du aldi baterako erakusketa berria: “20 gorputz 20 artista”. Euskadin kokatutako 20 artista garaikideren lanak baliatu dira erakusketan, gaurkotasun itzelekoak, Grezia klasikoko perfekzio fisikoaren ideiarekin alderaketa bat egiteko.
Beste behin ere, erakusketarekin batera, horrekin lotutako jarduerak egongo dira, obra bilduma hau hurbilagotik ezagutu nahi duten interesdun guztiei zuzendutakoak.
Programatutako jardueretako bat da Josune Muñoz filologo eta emakumezkoen literaturaren ikertzailearen hitzaldia. 2020ko azaroaren 11n (asteazkena) izango da, Bilboko Berreginen Museoan, eta hau izango da izenburua: “20 emakume 20 liburu”. 12 urte dira Josune Muñozek Skolastika Literatura Zerbitzuak sortu zuenetik; emakumezkoen kultura eta literatura aztertu eta hedatzeko espazioa da Skolastika. Orain, Berreginen Museoan “20 gorputz 20 artista” bezalako aldi baterako erakusketa dugula-eta, aukera paregabea da ikusleei Josune Muñozen hitzaldi bat eskaintzeko, gure lurraldean emakumezkoen literatura gehien aztertu duen emakumeetako bat baita.
Izan ere, Fidel Díaz erakusketaren komisarioaren hitzetan, «emakumezkoek gehiago begiratzen diote beren buruari gizonezkoek baino. Beren gorputzak arreta gehiagorekin aztertzen dituzte…».
Doako jarduera da, baina, gaur egungo osasun araudiaren ondorioz, parte hartu nahi duten pertsonek aurretiaz izena eman beharko dute 94 415 02 31 telefonora deituta. Hala, edukiera kontrolatu ahal izango da, eta COVID-19aren aurrean ezarritako arau guztiak bete.
“20 gorputz 20 artista” erakusketak gorputzari buruz hitz egiten du, ikuspegi desberdinetatik. Hitzaldia, zalantzarik gabe, testuinguru bikaina izango da guztiak ezagutzeko eta Bilboko Berreginen Museoko erakusketa berri honetan murgiltzeko.
HITZALDIA: “20 EMAKUME 20 LIBURU”
• Eguna: 2020ko azaroaren 11, asteazkena
• Ordua: 18:00etan.
• Lekua: Berreginen Museoa (San Frantzisko kalea 14. Bilbao)