
Bilboko San Frantzisko komentu zaharreko aztarnategiak maiatzaren 8tik aurrera zabalduko ditu ateak jendearentzat
Berreginen Museoak kudeatzen duen gune hori ostegun, ostiral eta larunbatero bisitatu ahal izango da, hainbat ordutegitan, aldez aurretik hitzordua hartu beharrik gabe
Hondar arkeologiko horiei bisita egiteko sarrera erosi behar da Berreginen Museoan (San Frantzisko kalea, 14)
Frantziskotarren XV. mendeko komentu baten aurriak dira, 2.000 m2 baino gehiagoko azalera betetzen dutenak
2017az geroztik, gidatutako bisitei eta ate irekietako jardunaldiei esker, lekua ezagutzeko aukera egon da
Bilboko San Frantzisko auzoko Mariaren Bihotza plazak badu altxor gorde bat, 2017az geroztik gozatu ahal izan dena, aurrez erreserbatutako bisita gidatuei eta ate irekietako jardunaldiei esker. San Frantziskoko aztarnategia da, frantziskotarren XV. mendeko komentu baten hondarrek osatua.
Plazan zundaketa arkeologikoa egin ostean –ustezko eremu arkeologikoa baitzen–, Alfontso Printzearen Kuartelaren hondarrak aurkitu ziren, XIX. mendekoak; baita San Frantzisko komentuarenak ere. Azkenik, zenbait urtez indusketak egin eta eremua herritarrentzat berreskuratu ostean, Bilboko Udalak erabaki zuen, Berreginen Museoaren bitartez, herritarrei komentu zaharraren aurriak ezagutzeko eta haiez gozatzeko aukera ematea. Ekimenak arrakasta handia izan du urteotan.
Orain, eta harrera ona ikusita, maiatzaren 8tik aurrera aztarnategiaren ateak zabaltzea erabaki du erakunde bizkaitarrak, aldez aurretik erreserba egiteko beharrik gabe, ostegun, ostiral eta larunbatero, ordutegi honetan:
- Ostegunetan: 10:00etatik 13:30era / 16:00etatik 19:00etara.
- Ostiraletan: 10:00etatik 13:30era.
- Larunbatetan: 11:00etatik 14:00etara.
Jendearentzako irekiera orokor hori eginez, aldez aurreko erreserba eta bisita gidatua egiteko beharrik gabe, bai Berreginen Museoak bai haren patronoek, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak, berriz utzi nahi du dute agerian gune horrek duen garrantzia, bai ondarearen ikuspuntutik, bai historiarenetik.
Bilboko Berreginen Museoak kudeatzen du gunea; bertan, multzoaren eraikitze-faseak ikus daitezke, XV. mendearen amaieran eraikitako komentuaren lehen arrastoetatik, XIX. mendean haren bizitza amaitu eta eraitsi zuten arte. Beraren gainean, mende hartan bertan, kuartela eraiki zuten, eta horren zenbait egitura ere kontserbatu dira.
Hiribilduaren historia-zati hori ezagutu nahi duten guztiak libreki sartu ahal izango dira 2.000 m2 baino gehiagoko eremu estalian, eta inguru ikusgarriaz gozatu. Horretarako, sarrera erosi beharko da Berreginen Museoan (San Frantzisko kalea, 14). Horren bitartez bi guneak ikusi ahal izango dira, bai museoa bai aztarnategia. Bisita orokorraz gain gidatutako bisita egin nahi izanez gero, hondar arkeologikoon alderdi guztiak sakonago ezagutzeko, Berreginen Museoko Hezkuntza Zerbitzuak gidatutako bisitak antolatzen ditu, 94 415 02 31 zenbakian aldez aurretik erreserba eginda.
Historiaz eta aukerez betetako leku bat da. Hainbat ekitaldi izan dira bertan: kontzertuak, hitzaldiak, erakusketak... Azkenekoa “Soplo” izan da, BilbaoArteren eskutik zenbait artista gazteri euren lanak erakusteko aukera eman dien esposizioa. Era berean, Berreginen Museoak “Altxor Elektrikoak” aldi baterako esposizioaren zati bat erakusteko baliatu zuen aztarnategia.
Hala, Bilbok eta Bizkaiak beste kultur gune bat lortu dute, zeinean, beste behin ere, gure ondare oparoa kontserbatzearen eta hedatzearen garrantzia ikus daitekeen.