Berreginen Museoak “Musuz musu” hitzaldia antolatu du, “Artelana bere testuinguruan” zikloaren ikasturteko lehenengoa
Lehen hitzaldiaren izenburua izango da “Artelana bere testuinguruan” zikloaren ikasturte honetako izen orokorra; hain zuzen ere, erretratua izango dute ardatz ondorengo hilabeteetako hitzaldiek, zeinek bere izenburua edukiko duen arren
Hitzaldia irailaren 30ean izango da, ostegunean, 18:00etan
Jarduera honetan, ikuspuntu askotatik aztertuko da erretratua nola erabili izan den artean, eta Museoaren aldi baterako erakusketaren aurkezpena izango da, era berean.
Itziar Martija Berreginen Museoko teknikariak emango du hitzaldia, osasun arloko arau zorrotzak betez
Parte hartzeko, ezinbestekoa da aurretik hitzordua eskatzea 94 415 02 31 telefono zenbakian
Bilboko Berreginen Museoak “Artelana bere testuinguruan” zikloa antolatu du ikasturte honetan ere. Arrakasta handieneko jardueretakoa du ziklo hori, zeinari esker ikusleek aukera baitute hurbiletik ezagutzeko Museoaren pieza berdingabeak nahiz erakundearen aldi baterako erakusketak, Itziar Martija teknikariaren eskutik betiere. 2021-2022 ikasturtean, erretratuaren gaia landuko du “Artelana bere testuinguruan” zikloak, “Diskomania” aldi baterako erakusketa berriarekin loturik. Museoak urrian inauguratuko du aldi baterako erakusketa hori, musika eta argazkia ardatz direla.
Hala, Bizkaiko erakundeak alternatiba abangoardistak eskainiko ditu 2021-2022 ikasturtean ere, bere egitarau zabaleko jarduerak kultura seguruan eta hurbilekoan oinarriturik, betiere.
Hil honetako hitzaldiari hasiera emateko, ikasturteko gai orokorrari sarrera egingo zaio. Erretratuari buruz jardungo du saioak, erretratu artistikoari erreparatuz, betiere. Hala, artearen esparruan erretratutzat zer hartu ohi den definituko da, eta erretratu motak deskribatuko dira. Antzinatetik hasita, mendez mendeko ibilbidea marraztuko du, erretratuak egiteko moldeei eta xedeei erreparatuz eta banakako erretratuak, taldekoak, autorretratuak, erretratu historikoak… aintzat hartuz.
Azken batean, gizabanakoaren irudikapenak artean egin duen bidea aztertuko du, eta azterketa horrek zabalduko die atea urritik apirilera bitarteko hitzaldietan xeheago landuko diren gaiei.
Lehen hitzaldiaren izenburua, “Musuz musu”, izango da “Artelana bere testuinguruan” zikloaren ikasturte honetako izen orokorra; hain zuzen ere, erretratua izango dute ardatz hurrengo hilabeteetako hitzaldiek, zeinek bere izenburua edukiko duen arren.
Hitzordua irailaren 30ean da, 18:00etan, Bilboko Berreginen Museoan. Sarrera doakoa da, baina, parte hartzeko, aurretik izena eman beharra dago, 94 415 02 31 telefono zenbakian.
Bilboko Berreginen Museoak bere jarduerarik zaharrenari eustearen aldeko apustua egin du. 10 urtetik gora dira erakundearen bilduma nahiz erakusketak aztertzen diharduela ziklo honen barruan hilabetez hilabete hitzaldi bat antolatuz, eta hiriko kultura-erreferente bihurtu da.
Bilboko Berreginen Museoa Bizkaiko hiriburuko museo zaharrenetakoa da. Mariaren Bihotzaren eliza zaharrean du egoitza, gaur egun, 2006an ateak berriz zabaldu zituenetik, baina duela 80 urte sortu zuten erakundea, eta mota horretako onenetakoa da, erakusten dituen berreginen aukeragatik eta kalitateagatik.
Ikuspegi berria eta aldaketa nabarmenak dakartza aurten “Artelana bere testuinguruan” zikloak. Ezagutu nahi dituzu?
“ARTELANA BERE TESTUINGURUAN” ZIKLOA
• Data: 2021eko IRAILAREN 30a, osteguna.
• Ordua: 18:00etan.
• Lekua: Berreginen Museoa (San Frantzisko kalea 14. Bilbo)