Berreginen Museoko Artelana bere testuinguruan zikloak “Guztientzako erretratuak” hitzaldia eskainiko du azaroan
Artelana bere testuinguruan zikloaren barnean ikasturte honetarako antolatutako “Musuz musu” hitzaldi multzoaren barruan sartzen da hitzaldi hau; hitzaldiek erretratua hartzen dute ardatz.
Hitzaldia azaroaren 25ean izango da, osteguna, 18:00etan
Erretratuak historian zehar izan duen bilakaera izango da Artelana bere testuinguruan zikloaren barneko hitzaldi honen ardatz nagusia, urteen poderioz erretratuen kontzeptua asko aldatu baita.
Itziar Martija Berreginen Museoko teknikariak emango du hitzaldia, eta zorrotz beteko dira osasun-arloko arauak
Parte hartzeko, ezinbestekoa da aurrez hitzordua eskatzea 94 415 02 31 telefono-zenbakian
Bilboko Berreginen Museoak “Artelana bere testuinguruan” ziklo ezaguna egingo du azaroan. Arrakasta handieneko jardueretako bat da aipatutako zikloa, zeinari esker ikusleek aukera baitute hurbiletik ezagutzeko Museoaren bildumako pieza berdingabeak nahiz erakundearen aldi baterako erakusketak, Itziar Martija teknikariaren eskutik. 2021-2022 ikasturtean, erretratuaren gaia landuko du “Artelana bere testuinguruan” zikloak, “Diskomania” aldi baterako erakusketa berriarekin loturik. Museoak urrian inauguratu zuen aldi baterako erakusketa hori, eta musika eta argazkia ditu ardatz.
Hala, Bizkaiko erakundeak aukera abangoardistak eskainiko ditu ikasturte honetan ere, bere egitarau zabaleko jarduerak kultura seguruan eta hurbilekoan oinarrituta, betiere.
Hilabete honetako hitzaldiak, “Guztiontzako erretratuak” izenburupean, erretratuaren bilakaera izango du ardatz. Gaur egun, gure inguruan argazkilaritza edonon dagoen honetan, kamerak pertsona askoren eskura daude, eta selfieak eguneroko bizitzaren parte dira; hala, bada, bitxia egiten zaigu pentsatzea duela oso gutxira arte erretratuak gutxi batzuen (gizonak, gehienak) ondare ziren mundu batean bizi ginela.
Azaroko hitzaldian, “Artelana bere testuinguruan” zikloak erretratuaren bilakaeraren ideia hori aztertuko du, batez ere XIX. mendetik aurrera, gero eta ohikoagoa baita pertsona gehien-gehienen bizitzen parte izatea. Argazkia izan da aldaketa horren gakoetako bat, baina ez bakarra.
Gainera, hitzaldiak aukera emango du erretratu bakoitza nola sortzen zen ikusteko, erretratu horretan agertzen den pertsonaren edo pertsonen arabera. Izan ere, ez ziren jarrera berberak edo baliabide berberak erabiltzen gobernuburu bat edo merkatari bat irudikatzeko, gizon bat edo emakume bat irudikatzeko, pertsona heldu bat edo haur bat irudikatzeko nahiz gizarteko kide bat edo baztertutako pertsona bat irudikatzeko.
Hitzaldi hau Museoak aurten “Musuz musu” izen orokorraren barnean eskainiko duen hitzaldi-multzoaren barruan sartzen da. Hurrengo hilabeteetan, urrian egin den bezala, hitzaldi bakoitzaren izenburuak gehituko zaizkio, betiere, erretratua ardatz izango dutenak.
Hitzordua azaroaren 25ean izango da, 18:00etan, Bilboko Berreginen Museoan. Sarrera doakoa da, baina, parte hartzeko, aurretik izena eman behar da, 94 415 02 31 telefono-zenbakian.
Bilboko Berreginen Museoak bere jarduerarik zaharrenari eustearen aldeko apustua egin du. 10 urtetik gora dira erakundearen bilduma nahiz erakusketak aztertzen diharduela hilean behin, eta hiriko kultura-erreferente bihurtu da.
Bilboko Berreginen Museoak 2006ko azaroan ireki zituen berriro ateak, Mariaren Bihotzaren eliza zaharrean, baina Bizkaiko hiriburuko museo zaharrenetakoa da. Duela 80 urte sortu zen, eta onenetako bat da bere arloan, ikusgai jarritako erreprodukzioen aukeraketa eta kalitatea kontuan hartuta.
Ikuspegi berria eta aldaketa nabarmenak dakartza aurten “Artelana bere testuinguruan” zikloak. Ezagutu nahi dituzu?
“ARTELANA BERE TESTUINGURUAN” ZIKLOA
• Eguna: osteguna, 2021eko AZAROAREN 25a
• Ordua: 18:00etan
• Lekua: Berreginen Museoa (San Frantzisko 14, Bilbo)