
Berreginen Museoaren “Artelana bere testuinguruan” zikloak “Más allá de la obra de arte | Artelana baino harantzago” hitzaldia antolatu du urteari hasiera emateko
“Artelana bere testuinguruan” hitzaldi sortaren barruan erretratua ardatz harturik eta “Cara a cara” (Musuz musu) izen orokorraz ikasturte honetarako antolatutako hitzaldietako bat da
Hitzaldia ostegunean izango da, urtarrilaren 27an, 18:00etan.
“Artelana bere testuinguruan” zikloko hitzaldi honek aztergai izango ditu historian zehar erretratuaren generoak izandako askotariko formak eta erabilitako baliabide ugariak
Itziar Martija Berreginen Museoko teknikaria izango da hizlaria, eta osasun-segurtasuneko neurri zorrotzak hartuko dira ekitaldia gauzatzeko
Parte hartzeko, hitzordua hartu behar da aurretik, telefono honetara deituz: 94 415 02 31
Bilboko Berreginen Museoak “Artelana bere testuinguruan” hitzaldia antolatu du urtarrilean, urteari hasiera emateko. Hain zuzen ere, ziklo hori da arrakasta handiena duen egitarauko ekimenetako bat, eta, hari esker, publikoak aukera izan du Itziar Martija teknikariaren eskutik hurbiletik ezagutzeko Museoaren bildumako pieza berdingabeak nahiz erakundearen aldi baterako erakusketak. 2022ko ikasturtean, “Artelana bere testuinguruan” erretratuaren ideian oinarrituko da, “Diskomania” aldi baterako erakusketa berriarekin loturik. Erakusketa aurreko urrian inauguratu zuen Museoak, eta musikaz eta argazkilaritzaz dihardu.
Hala, Bizkaiko erakundearen asmoa da ikasturte honetan aukera abangoardistak eskaintzea, kultura seguruan eta hurbiltasunean oinarrituriko jarduerak nagusi dituen programazio zabal baten barruan.
Hil honetako hitzaldia, “Más allá de la obra de arte | Artelana baino harantzago”, erretratuaren generoari buruzkoa izango da. Hain zuzen ere, “Diskomania” aldi baterako erakusketarekin loturiko hitzaldi zikloari jarraituz, erretratuaren generoaren zenbait alderdi ezezagun aztertuko dira 2022ko lehen hitzaldian. Lehenik, erretratuez aritzeak ez duelako nahitaez esan nahi artelanez hitz egitea, eta, bestetik, ez delako pinturaren, eskulturaren edo argazkiaren sinonimoa ere.
Bi ideia horiek abiapuntu harturik, urtarrileko saioan aztergai izango dira historian zehar erretratuaren generoak izandako askotariko formak eta erabilitako baliabide ugariak. Batzuk indarrean dira oraindik, eta nonahi ikusten ditugu gure bizitzan. Txanpona, adibidez, erretratuen zirkulazio molderik antzinakoena da.
Beste batzuk askoz ere urrunagokoak zaizkigu, ezohikoagoak –are gehiago, ia ezezagunak–, baina formatu eta material guztiek zuten, erabilera jakin bat ez ezik, baliagarritasunen bat ere, beste erretratu batzuekin partekatua batzuetan, bakarra beste batzuetan.
“Artelana baino harantzago” izenburuko hitzaldiak berehalakoan gogora etortzen ez zaizkigun erretratu horietako batzuk nabarmendu nahi ditu. Aukera aproposa izango da, gainera, bitxikeria zenbait jakiteko eta Historian zehar gehien erabili den genero artistikoetakoa den honen hainbat alderdi ezagutzeko.
Museoak “Cara a cara” (Musuz musu) izenburu orokorraren pean bildurik aurten antolatutako saio sortaren parte da hitzaldia. Hurrengo hilabeteetan, urrian egin bezala, hitzaldien banakako izenburuak jakitera emango dira, erretratua dutela guztiek ere ardatz.
Hitzordua datorren urtarrilaren 27an da, 18:00etan, Bilboko Berreginen Museoan. Sarrera doakoa da, eta parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharra dago 94 415 02 31 telefonoan.
Bilboko Berreginen Museoak bere jarduerarik antzinakoenaren aldeko apustua egiten jarraitzen du. 10 urtetik gora dira hilean behin bilduma bera eta erakundearen erakusketak hurbiletik aztertzeko saio bat antolatzen duela, eta hiriko erreferente kulturaletako bat bihurtu da.
Berreginen Museoak 2006an ireki zizkion ateak publikoari, berriro, gaur egungo egoitzan, garai batean Mariaren Bihotzaren eliza izandakoan. Bizkaiko hiriburuko museo zaharrenetakoa da. Duela 80 urte baino gehiago sortu zuten, eta bere generokoen arteko onenetakoa da, erakusgarri dituen obra sortari eta berreginen kalitateari esker.
Hemen dugu, berriro, “Artelana bere testuinguruan”, ikuspegi berri bat eta garrantzi handiko aldaketak dakartzala. Ez huts egin!
“ARTELANA BERE TESTUINGURUAN” ZIKLOA
• Data: osteguna, 2022ko URTARRILAren 27a
• Ordua: 18:00etan.
• Tokia: Berreginen Museoa (San Frantzisko kalea 14. Bilbo)