Berreginen Museoko “Artelana bere testuinguruan” zikloaren ikasturte berria hasteko, “Bizitzaren Neurria. Un Año de Festivales” aldi baterako erakusketa berriaren ezaugarriak ezagutaraziko dira
Erakusketa urrian iritsiko da Bizkaiko erakundera, eta, besteak beste, antzinako Atenasko jai-egutegiaz hitz egingo du.
Hori baino lehen, horri buruzko xehetasunak azalduko dira hitzaldi ezagun honetan, irailaren 29an (osteguna), 18:00etan
Erakusketaren komisario Itziar Martijak emango du hitzaldia
Parte hartzeko, ezinbestekoa da sarrera hartzea, dohainik, Museoaren webgunean: www.bilbokoberreginenmuseoa.eus
Bilboko Berreginen Museoak 2022-2023 eskola-ikasturteari ekingo dio, bere jarduera ezagunenetako batekin, “Artelana bere testuinguruan” zikloarekin, alegia. Ekimen horren bitartez, Itziar Martija teknikariaren eskutik, Museoko bildumako edo erakundean egiten diren aldi baterako erakusketetako hainbat pieza ezagutarazten dira, hurbiletik. Oraingoan, “Bizitzaren Neurria. Un año de festivales” aldi baterako erakusketa berriarekin lotutako hainbat gai landuko dira. Hain zuzen, erakusketa urrian irekiko du Museoak, eta Atenasko antzinako jai-egutegiari buruzkoa izango da.
Hala, Bizkaiko erakundeak abangoardiako alternatibak eskaini nahi ditu ikasturte honetan ere, eta hurbileko kultura oinarri duten jarduerak nabarmentzen dira haren egitarau zabalean.
“Artelana bere testuinguruan” zikloko iraileko saioak urrian inauguratuko den erakusketa aurkeztuko du, bai eta ikasturte honetako hitzaldiak zer gairen ingurukoak izango diren ere, zeinak, beste batzuetan legez, aldi baterako erakusketaren ingurukoak izango diren.
Ikasturte hasierako hitzaldi honek Atenas klasikora eramango du jendea, hurbiletik ezagutzeko hango eguneroko zenbait alderdi; zehazki, haien jai-egutegiarekin lotutakoak.
Atenastarren urteko egunen erdiak baino gehiago jaiegunak ziren. Zenbait, funtsean, jainkotasun bati eskainiak zirelako; beste batzuk, berriz, egun seinalatuak ziren, ospakizun handiak egiten zirelako. Ospakizun horiek, jainkotasun bat ohoratzeko egiten ziren aldizkako erritualak ez ezik, komunitatearen adierazpen ikusgarri ikaragarriak ere izaten ziren. Kidetasunaren zentzua indartzen zuten, eta memoria kolektibo bat sortzen zuten, komunitate haren tradizioak eta balioak bizirik mantentzen laguntzen zuena.
Testuinguru horretan, egutegiak –gure erakusketaren funtsezko parte bat izango da– berebiziko garrantzia zuen, horrek eusten baitzion ospakizunen aldizkakotasunari, eta, horrekin batera, balio eta tradizioen iraupenarekin lotuta dagoen alderdi hori ere sustatzen zuen.
Hitzaldia irailaren 29an izango da, 18:00etan, Bilboko Berreginen Museoan. Sarrera doakoa da, eta parte hartzeko ezinbestekoa izango da aurrez sarrera bat hartzea Berreginen Museoaren webgunean: www.bilbokoberreginenmuseoa.eus
Bilboko Berreginen Museoak bere jarduerarik iraunkorrenaren alde egiten jarraitzen du. Hamaika urte baino gehiago daramatza hilean behin hurbiletik aztertzen erakundearen bilduma eta erakusketak, eta dagoeneko hiriko kultura-erreferenteetako bat da.
Berreginen Museoa, Mariaren Bihotzaren eliza zaharraren egungo egoitzan 2006an berriz zabaldua, Bizkaiko hiriburuko zaharrenetakoa da. Duela 80 urte sortu zuten, eta mota horretako onenetakoa da, erakusten dituen berreginen aukeraketagatik eta kalitateagatik.
“Artelana bere testuinguruan” zikloa ikuspegi berri batekin eta zenbait aldaketa esanguratsurekin dator. Galdu egingo duzu?
“ARTELANA BERE TESTUINGURUAN” ZIKLOA
• Eguna: 2022ko IRAILAREN 29a, osteguna
• Ordua: 18:00etan
• Lekua: Berreginen Museoa (San Frantzisko kalea 14. Bilbo)