Bilboko Berreginen Museoak gatzaren bidez ikasteko eta jolasteko haurrentzako tailerra antolatu du Aste Santurako
“Gatz lurrintsuak” antzinako Greziako ohiturei buruz ikasteko eta espeziaz ondutako gatzak sortzeko aukera emango du
Apirilaren 11n, 12an eta 13an izango da tailerra, 12:00etan (parte-hartzaile bakoitzak egun bakarra aukeratu behar du)
5 eta 10 urte bitarteko haurrentzat pentsatutako tailerra da
1 € da prezioa, erabat euskaraz izango da, eta parte hartzeko beharrezkoa da sarrera online eskuratzea Museoaren webgunean
Aste Santuarekin gertatzen den bezala, antzinako Greziako jaialdiek ere izaera erlijiosoa zuten. Antzinateko jai horiei buruzko datu horiek eta beste hainbat ezagutzeko aukera izango da Berreginen Museoko “Bizitzaren neurria. Un año de festivales” aldi baterako erakusketan. Hori abiapuntu hartuta, eta haurrek erakusketa hau modu dibertigarrian ezagutu dezaten, Aste Santurako “Gatz lurrintsua” haurrentzako tailerra antolatu du Museoak.
Euskara hutsez izango da jarduera, 5 eta 10 urte bitarteko haurrei zuzendua. Bestalde, senide heldu batek lagundu beharko dio parte-hartzaile bakoitzari, eta elkarrekin egingo dute tailerra.
Tailerraren asmoa da, azken batean, Antzinako Greziako ohiturei buruz ikastea, mitologiari buruz hitz egitea, egutegian jaialdien datak finkatzeko antzinaroan Ilargia nola erabiltzen zuten jakitea, eta gatza oso presente zegoen greziar ospakizun haietan zer jaten zen ezagutzea.
Horrez gainera, jardueraren bigarren zatian, gaztetxoek sukaldaritzarekin zerikusia duten alderdiak ezagutuko dituzte. Esaterako, mortero bat zer den eta zertarako erabiltzen den ikasiko dute, sukaldaritzako errezeta bat egiteko proportzioak ezagutuko dituzte, eta espeziaz ondutako gatzak sortuko dituzte, Grezian egiten zuten bezalaxe, espeziekin onduta, alegia.
Zeinek bere gatza egiten duenean, pototan gorde eta etiketatu ahal izango du, etxera eraman ahal izateko. Horrela, Museotik kanpo ere jarraitu ahal izango du jarduerarekin, gatz horiek berak erabili ahalko baititu etxeko errezetetan.
“Gatz lurrintsua” jarduera dibertigarria da guztiz, eta kulturaz betea. Apirilaren 11n, 12an eta 13an izango da. Parte-hartzaileek hiru egun horietako bat hautatu beharko dute Museora etortzeko; ez da hiru eguneko tailer bat, beste batzuetan bezala, baizik eta tailer bera hiru egunetan. Era horretara, haur gehiagok izango dute jardueran parte hartzeko aukera.
Tailerraren prezioa 1 €-koa da parte-hartzaile bakoitzeko, eta heldu laguntzaileak ez du sarrerarik atera beharko. Erakundearen webgunean lortu ahal izango da sarrera: www.bilbokoberreginenmuseoa.eus
Aukera ezin hobea da gazteenek artearekin eta museoekin harreman zuzena izan dezaten, jarduera atsegina eta dibertigarria baita.
Espeziaz ondutako zure gatz berezia sortu nahi duzu? Etorri Berreginen Museora, eta gozatu Aste Santuaz gune paregabe honetan.