Iraileko Artelana bere testuinguruan ekimenak hasiera emango die Bilboko Berreginen Museoan egingo diren Europako Ondarearen Jardunaldiei
Bizkaiko erakundeak “Gertutik urrun. Caminos sobre la Ría” erakusketa izango du hizpide, urrian egingo den hitzordu kulturala ospatzeko
Hitzaldia irailaren 26an, osteguna, eskainiko da, arratsaldeko 18:00etan, Museoan
Itziar Martijak, erakusketaren komisarioak, eskainiko du hitzaldia
Parte hartzeko, doako sarrera eskuratu beharko da Museoko webgunearen bidez: www.bilbokoberreginenmuseoa.eus
Bilboko Artelan Berreginen Museoak jarduera berezi batekin ekingo dio ikasturte berriari: Artelana bere testuinguruan.
Hainbat urtetan zehar eskainitako hitzaldi horien bidez, Itziar Martija teknikariak publikoari ezagutzera ematen dizkio Museoko bildumaren parte diren piezak zein erakundeak aldi baterako prestatzen dituen erakusketak.
Oraingoan, hitzaldi zinez berezia izango da, izan ere, ekimenak hasiera emango dio Berreginen Museoak eta Euskal Museoak Europako Ondarearen 2024ko Jardunaldiak ospatzeko urrian antolatu duten jarduerari. Hain zuzen ere, 2024ko urriaren 1etik azaroaren 3ra arte ikusgai egongo den aldi baterako erakusketari buruz ari gara, honako izenburu hau izango duena: “Gertutik urrun. Caminos sobre la Ría”.
Aurtengo Jardunaldien leloari jarraiki (“Ibilbide kulturalak, sareak eta topaguneak”), erakusketa horrek Bilboko itsasadarra eta bere zubiak izango ditu ardatz. Hain urrutira eraman gintuen itsasadar horrek, hainbeste mundu ireki zizkigunak, banandu egin gintuen mendeetan zehar.
Harresi likido batek bezala, hiria bere baitan itxita eduki zuen, Abandoko ibarretatik urrun.
300 urte baino gehiagoz itsasadarraren gaineko bide bakar batek lotu zituen bi ertzak, hots, San Anton zubiaren gainetik igarotzen zen bideak, Bilboko ekonomia elikatuz.
Erakusketa xume honek Bilbo eta Abando lotu zituzten eta oraindik lotzen dituzten bideez hitz egiten digu, gaur egun aniztuta eta berrituta dauden bide horiez, alegia.
“Gertutik urrun. Caminos sobre la Ría” erakusketak zubirik zubi eramango gaitu, San Antonetik Udaletxeraino, eta argazkien eta objektuen bidez ezagutaraziko digu Bilbo eta Abando lotu zituzten bideen historia.
Euskal Museoaren bildumako argazkiek, grabatuek eta objektuek ibilbidea irudiztatuko dute, non Bilbao Historikok lagatako zubien hainbat maketa ere barne hartu diren.
Erakusketa ikusgai jarriko da Mariaren Bihotza plazako aztarnategian (Mirasol Kondearen kalea 2, Bilbo), 2024ko urriaren 1etik azaroaren 3ra (ordutegia: asteartetik ostiralera, 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara / Larunbat eta igandetan, 11:00etatik 14:00etara) eta bi bisita gidatu egingo dira:
-“Gertutik urrun| Caminos sobre la ría”. Urriaren 17an, euskaraz, eta urriaren 24an, gaztelaniaz; biak ere 17:00etan. Erakusketa ezagutzeko bisita bat.
- Zubi bat, sei istorio eta erdi: Urriaren 3an, euskaraz, eta urriaren 10ean, gaztelaniaz, 18:00etan. San Frantziskoko zubiaren historia ezagutzeko bisita bat.
Bi jarduera horiek doakoak dira eta izena emateko telefono-zenbaki honetara deitu beharra dago: 94 415 02 31.
Iraileko artelana bere testuinguruan: “Gertutik urrun. Caminos sobre la ría”
Aldi baterako erakusketa honen hariari jarraituz, iraileko hitzaldiak itsasadarrarekin eta bertako zubiekin zerikusia duten alderdi guztietan sakontzeko balioko du; gainera, gertutik ezagutuko ditugu Bilboko historian gertatutako jazoerak nola garatu ziren ulertzen lagunduko diguten objektuak, grabatuak, argazkiak zein maketak.
Hitzaldia oso berezia izango da oraingo honetan; izan ere, Berreginen Museoko jarduerarik ezagunenetako bat eta garrantzi handiko kultura-ekitaldi bat batuko ditu, Europako Ondarearen Jardunaldiak, hain zuzen ere.
Ekimen honen bidez, Museoak berriz ere alternatiba abangoardistak eskaini nahi ditu ikasturte honetan; programazio zabala prestatu du horretarako, non hurbileko kulturan oinarritutako jarduerak gailenduko diren.
Alderdi horiek eta Berreginen Museoaren 2024-2025 programazioaren nobedade guztiekin lotutako beste kontu batzuk izango dira iraileko hitzaldian garatuko diren gaiak. Hitzordua irailaren 26an izango da, 18:00etan, Museoan. Sarrera doakoa da, eta parte hartzeko nahitaezkoa izango da aldez aurretik sarrera bat eskuratzea Berreginen Museoko webgunearen bidez: www.bilbokoberreginenmuseoa.eus
Bizkaiko erakunde honek bere jarduera urtetsuenaren aldeko apustua egiten jarraitzen du. Izan ere, hamabost urte baino gehiago daramatza hilean behin erakundearen bilduma eta erakusketak gertutik aztertzen, eta dagoeneko hiriko kultur erreferenteetako batean bilakatu da.
Berreginen Museoak 2006ko azaroan ireki zituen ateak berriro, Mariaren Bihotza eliza zaharraren egoitzan, eta Bizkaiko hiriburuko zaharrenetakoa da. Duela 80 urte sortua, genero bereko museoen artean onenetakoa da, ikusgai dauden erreprodukzioen hautaketagatik eta kalitateagatik.
“Artelana bere testuinguruan” ekimenak ez du inoiz huts egiten, eta ikuspuntu paregabea eskaintzen du Berreginen Museoaren bildumari buruz.