Bilboko Berreginen Museoak eta Euskal Museoak Europako Ondare Jardunaldiak ospatuko dituzte aldi baterako erakusketa batekin: “Gertutik urrun. Caminos sobre la ría”
Erakusketa 2024ko urriaren 1etik azaroaren 3ra bitartean egongo da ikusgai San Frantziskoko aztarnategian, eta Bilboko zubi historikoen bizitza errepasatzen du
Erakusketa honek argazkiak, grabatuak, objektuak eta maketak barne hartuko ditu, eta aurtengo leloan oinarrituko da “Ibilbide kulturalak, sareak eta topaguneak”
Gainera, zenbait bisita gidatu eta ibilbide egingo dira Bizkaiko erakundeak ekitaldi kultural hori ospatzeko programatu dituen jardueren baitan
Izen-ematea 94 415 02 31 telefonoan edo Jardunaldien webgunean egin daiteke
Bilboko Berreginen Museoak aurten ere bat egingo du Europako Ondarearen Jardunaldiekin. Bide, sare eta konexioen ondarea izango da kanpainaren gai nagusia.
Bizkaiak erronka berri eta ilusionagarri bati helduko dio berriz ere kultur ondarea zabaltzeko urteko programaren baitan.
Erronka berri horrek Lurraldearen kultura-ondarea esploratzera eramango du publikoa, merkataritza-trukeetatik, partekatutako kultura- eta arte-praktiketatik, eta historian zehar izandako sinesmen eta ezagutzetatik abiatuta.
Oraingoan, Euskal Museoak aldi baterako erakusketa bat prestatu du, 2024ko urriaren 1etik azaroaren 3ra arte ikusgai egongo dena eta honako izenburu hau izango duena: “Gertutik urrun. Caminos sobre la Ría”.
Aurtengo Jardunaldien leloari jarraiki (“Ibilbide kulturalak, sareak eta topaguneak”), erakusketa horrek Bilboko itsasadarra eta bere zubiak izango ditu ardatz. Hain urrutira eraman gintuen itsasadar horrek, hainbeste mundu ireki zizkigunak, banandu egin gintuen mendeetan zehar.
Harresi likido batek bezala, hiria bere baitan itxita eduki zuen, Abandoko ibarretatik urrun.
300 urte baino gehiagoz itsasadarraren gaineko bide bakar batek lotu zituen bi ertzak, hots, San Anton zubiaren gainetik igarotzen zen bideak, Bilboko ekonomia elikatuz.
Erakusketa xume honek Bilbo eta Abando lotu zituzten eta oraindik lotzen dituzten bideez hitz egiten digu, gaur egun aniztuta eta berrituta dauden bide horiez, alegia.
“Gertutik urrun. Caminos sobre la Ría” erakusketak zubirik zubi eramango gaitu, San Antonetik Udaletxeraino, eta argazkien eta objektuen bidez ezagutaraziko digu Bilbo eta Abando lotu zituzten bideen historia.
Euskal Museoaren bildumako argazkiek, grabatuek eta objektuek ibilbidea irudiztatuko dute, non Bilbao Historikok lagatako zubien hiru maketa ere barne hartu diren.
Erakusketa ikusgai jarriko da Mariaren Bihotza plazako aztarnategian (Mirasol Kondearen kalea 2, Bilbo), 2024ko urriaren 1etik azaroaren 3ra (ordutegia: asteartetik ostiralera, 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara / Larunbat eta igandetan, 11:00etatik 14:00etara) eta bi bisita gidatu egingo dira:
-“Gertutik urrun| Caminos sobre la ría”. Urriaren 17an, euskaraz, eta urriaren 24an, gaztelaniaz; biak ere 17:00etan. Erakusketa ezagutzeko bisita bat.
- Zubi bat, sei istorio eta erdi: Urriaren 3an, euskaraz, eta urriaren 10ean, gaztelaniaz, 18:00etan. San Frantziskoko zubiaren historia ezagutzeko bisita bat.
Bi jarduera horiek doakoak dira eta izena emateko telefono-zenbaki honetara deitu beharra dago: 94 415 02 31. Ondarearen Europako Jardunaldien webgunean ere eman daiteke izena.