Bilboko Berreginen Museoak ehungarren “Artelana bere testuinguruan” hitzaldia eskainiko du
Gertakari horren aurrean, Museoak erabaki du hitzaldi horietan protagonista izandako pieza-sorta bat berreskuratzea
Oraingoan, erakunde bizkaitarrak bere pieza berezienetako bat izango du hizpide: Belvedereko gorputz-enborra
Hitzaldia azaroaren 28an, osteguna, izango da, 18:00etan, Museoan bertan
Parte hartzeko, doako sarrera eskuratu beharko da Museoko webgunearen bidez: www.bilbokoberreginenmuseoa.eus
Bilboko Artelan Berreginen Museoak jarduera berezi batekin emango dio jarraipena ikasturteari: Artelana bere testuinguruan.
Hainbat urtetan zehar eskainitako hitzaldi horien bidez, Itziar Martija teknikariak publikoari ezagutzera ematen dizkio Museoko bildumaren parte diren piezak zein erakundeak aldi baterako prestatzen dituen erakusketak.
Oraingoan oso berezia izango da, Artelana bere testuinguruan ekimenaren ehungarren hitzaldia izango baita. Mugarri hori ospatzeko, iraganeko hitzaldietan dagoeneko protagonistak izandako piezen sorta bat berreskuratzea erabaki du Museoak. Gaurtik aurrera jorratuko diren artelanak askotariko arrazoiengatik hautatu dira: publiko gutxi izan zutelako, laster 100 urte beteko dituen molde-lanen bilduman garrantzi handia dutelako, bitxiak direlako edo Museotik kanpo bidaiatu dutelako.
Azaroko artelana bere testuinguruan: BELVEDEREKO GORPUTZ-ENBORRA
Azarokoak, noski, denetarik pixka bat izango du. 2011ko martxoan eskainitako hitzaldiaren protagonista izan genuen, baina ordu hartan hamazazpi pertsona baino ez ziren hitzaldira bertaratu. Molde-lanen lehenengo erosketa-sortan iritsi zen museora, 1930. urtean. Gaur egun, gehien bidaiatu duen pieza dugu; hain zuzen ere, une honetan Santanderren dago, uda osoan Arte Ederren Museoko Ekitaldiartea aldi baterako erakusketaren parte izan ostean, eta, jakina, makina bat sekretu eta bitxikeriaz inguratuta dago. Arrazoi horiek guztiak direla eta, Artelana bere testuinguruan ekimenaren ehungarren hitzaldiak Belvedereko gorputz-enborra izango du hizketagai.
Ekimen honen bidez, Museoak berriz ere alternatiba abangoardistak eskaini nahi ditu ikasturte honetan; programazio zabala prestatu du horretarako, non hurbileko kulturan oinarritutako jarduerak gailenduko diren.
Alderdi horiek eta Berreginen Museoaren 2024-2025 programazioaren nobedade guztiekin lotutako beste kontu batzuk izango dira azaroko hitzaldian garatuko diren gaiak. Hitzordua azaroaren 28an izango da, 18:00etan, Museoan bertan. Sarrera doakoa da, eta parte hartzeko nahitaezkoa izango da aldez aurretik sarrera bat eskuratzea Berreginen Museoko webgunearen bidez: www.bilbokoberreginenmuseoa.eus
Bizkaiko erakunde honek bere jarduera urtetsuenaren aldeko apustua egiten jarraitzen du. Izan ere, hamabost urte baino gehiago daramatza hilean behin erakundearen bilduma eta erakusketak gertutik aztertzen, eta dagoeneko hiriko kultur erreferenteetako batean bilakatu da.
Berreginen Museoak 2006ko azaroan ireki zituen ateak berriro, Mariaren Bihotza eliza zaharraren egoitzan, eta Bizkaiko hiriburuko zaharrenetakoa da. Duela 80 urte sortua, genero bereko museoen artean onenetakoa da, ikusgai jarritako erreprodukzioen hautaketagatik eta kalitateagatik.
Artelana bere testuinguruan ekimenak ez du inoiz hutsik egiten, eta ikuspuntu paregabea eskaintzen du Berreginen Museoaren bildumari buruz.