Bilboko Berreginen Museoak Olinpiako Hermes eskuratu zueneko bitxikeriak azalduko ditu urtarrileko Artelana bere testuinguruan hitzaldian
Aurten, Museoak erabaki du hitzaldi horietako protagonista izandako pieza-sorta bat berreskuratzea
Erakunde bizkaitarrak bere pieza adierazgarrienetako bat izango du hizpide
Hitzaldia urtarrilaren 30ean, osteguna, izango da, 18:00etan, Museoan bertan
Parte hartzeko, doako sarrera eskuratu beharko da Museoko webgunean: www.bilbokoberreginenmuseoa.eus
Bilboko Artelan Berreginen Museoak jarduera berezi batekin emango dio jarraipena ikasturteari: Artelana bere testuinguruan.
Hainbat urtetan zehar eskainitako hitzaldi horien bidez, Itziar Martija teknikariak publikoari ezagutzera ematen dizkio Museoko bildumaren parte diren piezak zein erakundeak aldi baterako prestatzen dituen erakusketak.
Ikasturte hau oso berezia izaten ari da, Artelana bere testuinguruan ekimenaren ehungarren hitzaldia egin baita. Mugarri hori ospatzeko, iraganeko hitzaldietan dagoeneko protagonista izandako pieza-sorta bat berreskuratzea erabaki du Museoak. Hautaketa hori askotariko arrazoiengatik egin da: publiko gutxi izan zutelako, laster 100 urte beteko dituen molde-lanen bilduman garrantzi handia dutelako, bitxiak direlako edo Museotik kanpo bidaiatu dutelako.
Urtarrileko artelana bere testuinguruan: OLINPIAKO HERMES
Hilabete honetarako aukeratutako pieza Hermes Dioniso Umearekin izango da, Olinpiako Hermes ere deitua.
1932ko urtarrilaren 30ean, Bilboko Berreginen Museoak Praxitelesen Hermes erosteko aurrekontua jaso zuen Charlotenburgoko Gipsformerei erakundearen eskutik. Otsailaren 13an, Bizkaiko erakundeak molde-lan horren eskaera ofiziala egin zuen, zeina erakusketaren bilduma iraunkorraren parte bihurtu baita. Batzuei harrigarria irudituko zaie Olinpiako Arkeologia Museoan gordetzen den eskultura baten erreplika Alemaniako erakunde bati eskatzea, Greziako erakunderen bati eskatu beharrean. Berezitasun hori dugu Olinpiako Hermes edo Praxitelesen Hermes lanaren erreprodukzioari buruzko bitxikeria ugarietako bat, eta hizpide izango dugu Artelana bere testuinguruan zikloaren urtarrilaren 30eko hurrengo hitzaldian.
Pieza hori Museoko molde-lan adierazgarrienetako bat da. Bere hainbat izendapenek jatorrizkoa aurkitu zen aztarnategiari egiten diote erreferentzia, Olinpiakoari, hain zuzen, baita duela oso gutxira arte antzinako eskultura egozten zitzaion egileari. Gure museoa bezalako molde-lanek lagundu egin diete artearen historialariei eta arkeologoei jatorrizko eskulturaren berreraikuntza eta interpretazioaren oinarriak finkatzen, eta hitzaldi honetan aukera emango digute Olinpiako Hermesen eta haren eskaiolazko errepliken alderdi ez hain ezagunak ezagutzeko.
Horiek horrela, Museoak, ikasturte honetan, aukera abangoardistak eskaini nahi ditu berriro, non hurbileko kulturan oinarritutako jarduerak museoaren programazio zabalean gailentzen diren.
Alderdi horiek eta Berreginen Museoaren 2024-2025 programazioko nobedade guztiei buruzko beste kontu batzuk izango dira urtarrileko hitzaldian garatuko diren gaiak. Hitzordua urtarrilaren 30ean izango da, 18:00etan, Museoan bertan. Sarrera doakoa da, eta parte hartzeko nahitaezkoa izango da aldez aurretik sarrera bat eskuratzea Berreginen Museoko webgunearen bidez: www.bilbokoberreginenmuseoa.eus
Bizkaiko erakunde honek bere jarduera urtetsuenaren aldeko apustua egiten jarraitzen du. Izan ere, hamabost urte baino gehiago daramatza hilean behin erakundearen bilduma eta erakusketak gertutik aztertzen, eta dagoeneko hiriko kultur erreferenteetako batean bilakatu da.
Berreginen Museoak 2006ko azaroan ireki zituen ateak berriro, Mariaren Bihotza eliza zaharraren egoitzan, eta Bizkaiko hiriburuko zaharrenetakoa da. Duela 80 urte sortua, genero bereko museoen artean onenetakoa da, ikusgai jarritako erreprodukzioen hautaketagatik eta kalitateagatik.
Artelana bere testuinguruan ekimenak ez du inoiz hutsik egiten, eta ikuspuntu paregabea eskaintzen du Berreginen Museoaren bildumari buruz.