Bilboko Berreginen Museoak ehunarekiko maitasunaz hitz egingo du San Valentin Eguna ospatzeko
Hitzaldi berezi horrek “AMA” aldi baterako erakusketa eta erakusketa hori osatzen duten piezen konbinazioa izango ditu oinarri, eta ezkontzean ematen ziren ezkonsariak izango ditu hizpide
Parte-hartzaileek, 20ko hamarkadako josteko makina batetik abiatuta, ezagutuko dute antzinaroan emakumeek ehungintzaren inguruan egiten zuten lana
Hitzordua otsailaren 14an izango da, 18:00etan, Museoan
Parte hartzeko, aldez aurretik izena eman beharko da, telefono-zenbaki honetara deituta: 94 415 02 31
Itziar Martija Berreginen Museoko teknikariak eskainiko du hitzaldia
Bilboko Berreginen Museoak dagoeneko klasikoa bihurtu den eguna ospatuko du: San Valentin eguna. Aurten, hitzorduak erakunde bizkaitarraren aldi baterako erakusketa berria izango du abiapuntu: “AMA”. Erakusketa horretan hainbat pieza uztartzen dira, Jose Pablo Arriaga artistarenak, Bilboko Euskal Museokoak eta Berreginen Museokoak. Guztiek ere gai bera dute hizpide: amatasuna, zeina seme-alaben oroitzapenetatik sortzen baita eta arte mota desberdinak nahasten baititu.
Hitzaldi berezi horrek antzinaroan ezkontzean entregatzen ziren ezkonsariak izango ditu ardatz.
Coser y cantar esaten da gaztelaniaz, zerbait erraz egiten dela adierazteko. Euskaraz, ordea, kontrakoa dio esamoldeak: ehunak ehun lan. Bazen denetarik zerbait urte haietan, hala ere, gauza bera zuten guztiek komunean: garaiak garai eta lekuak leku, lan horiek emakumeek egiten zituzten beti.
Antzina-antzinatik emakumeak arduratu izan dira ehunak lantzeaz, soineko zein ohe-jantziak josteaz, mimoz bordatzeaz eta beren altxor preziatu bihurtuko ziren ehun ederrak ondo gordetzeaz.
“AMA” erakusketaren parte den 20ko hamarkadako josteko makina batek oroitaraziko dizkigu gure memorietan gordeta ditugun emakumeen bizimodu haiek. Hariak, ehunak, orratzak, harizpiak eta titareak nonahi ageri dira emakumeen munduan: egiptoarrak, greziarrak zein euskal herritarrak izan.
Emakume horiek guztiak izango dira Berreginen Museoan egingo den San Valentin Egunaren ospakizunaren parte, eta, Peneloperen antzera, beren ezkonsariak eta apaingarriak prestatzeko ehuntze nekaezina eskainiko digute, hain zuzen ere, senarrei beren eskuekin sortutako aberastasunak emateko erabili zuten ehuntzea.
Bilboko Berreginen Museoko teknikariak, Itziar Martijak, eskainiko digu maitasunez betetako jarduera magiko hau.
Hitzaldia otsailaren 14an bertan egingo da Bilboko Berreginen Museoan (San Frantzisko kalea 14). Parte hartu nahi dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute doan, telefono-zenbaki honetara deituta: 94 415 02 31.