
Bilboko Berreginen Museoak haurrentzako tailer gastronomiko baten aldeko apustua egingo du Aste Santuan
Jarduera honi esker, etxeko txikiek aukera izango duen AMA aldi baterako erakusketa ezagutzeko eta elikagaien kontserbak egiten ikasteko
Jarduera apirilaren 23an, 24an eta 25ean egingo da, goizeko 11:00etan (parte hartzaile bakoitzak egun bakarra aukeratuko du)
6 eta 12 urte artean dituzten haurrei zuzendutako tailerra izango da
Tailerraren prezioa euro batekoa izango da, euskara hutsean eskainiko da eta parte hartzeko nahitaezkoa izango da online sarrera eskuratzea Museoko webgunean
Bilboko Berreginen Museoak 2025eko Aste Santuko haurrentzako tailerra aurkezten du. Apirilaren 23an, 24an eta 25ean egingo da, goizeko 11:00etan, eta, aurten, AMA izeneko aldi baterako erakusketa berrian oinarrituko da. Erakusketa horretan Jose Pablo Arriaga euskal artistaren obrak, Berreginen Museoko bildumako piezak eta Bilboko Euskal Museoko objektuak uztartzen dira. Amatasunaz hitz egiteko espazio bat da, seme-alaben oroitzapenetatik sortzen dena eta arte mota desberdinak nahasten dituena.
Tailerrean, haurrek hori guztia deskubritu ahal izango dute, jardueraren hasieran egingo den bisita gidatu txiki batean. Bertan, obrak azalduko dira eta amatasunari buruz hitz egingo da.
Gainera, tradizioz etxean egindako gastronomiarekin lotutako alderdiak gogoraraziko dira.
Ondoren, ozpinetakoen dastatze gastronomiko txiki bat egingo da. Hemen, gaztetxoek testurak, zaporeak eta abar bereizten ikasiko dute, eta tailerraren zati praktikoenari ekingo diote.
Jarduera amaitzeko, benetako kontserba bat egiten ikasiko dute. Kasu honetan, limoiena. Gatzari, azukreari eta limoiari esker, kontserba bat egin ahal izango dute tailerrean zehar, eta elikagai horrek izan ditzakeen sukaldaritzako erabilera guztiak ezagutuko dituzte.
6 eta 12 urte bitarteko haurrentzat pentsatutako jarduera da. Parte-hartzaile bakoitzeko sarreraren prezioa 1 eurokoa da (haurrek soilik eskuratu beharko dute, eta ez haiekin batera datozen helduek), eta online erosi behar da Berreginen Museoaren webgunean: www.bilbokoberreginenmuseoa.eus
Haur bakoitzak tailerra eskainiko den hiru egunetako bat aukeratu beharko du, eta erakundeko hezkuntza-taldearekin (eta haur bakoitzeko senide batekin) egingo dute tailerra.
Haurrei egokitutako jarduera hori Aste Santuko oporrez gozatzeko eta museoetara eta artera hurbiltzeko beste modu bat da.