Pergamoko Zeusen Aldareak ez zion inori hutsik egin
Obra bere Testuinguruan zikloa egin da Berreginen Museoan, eta obra ikusgarri honen sekretu guztiak aletu dira bertan
Pergamoko Aldarea apaintzen zuten frisoak izan dira Bilboko Berreginen Museoan egindako Obra bere Testuinguruan zikloko azken hitzaldiko protagonistak. Itziar Martija arduratu zen obra honen inguruko xehetasun, sekretu eta teoria guztiak emateaz. Arratsalde zirraragarri horretan, hainbat gauzari buruz hitz egin zen; besteak beste, Misiako eskualdean dagoen Pergamo hiriaz, zeinetan Brontze Arotik egon izan baita jendea bizitzen. Hain zuzen ere, Pergamok Alexandro Handiaren heriotzaren ostean hartu zuen garrantzia. Era berean, garai hartan Pergamon izandako dinastien historia ere azaldu zen hitzaldian. Garai historiko hartako protagonisten (esate baterako, Eumenes I.a eta Atalo I.a) anekdotek harrituta utzi zituzten hitzaldira joandako entzuleak.
Gainera, Martijak esan zuen Eumenes II.a izan zela Pergamoko Aldarea eraikitzeko enkargua egin zuena; ondorioz, Pergamo garai hartako hiririk garrantzitsuena izatera heldu zen, eta bere lurraldea ere handitu zuen, Erromarekin aliatu baitzen. Hitzaldiari esker jakin ahal izan genuen, beharbada, Atalo II.ak hartu ahal izan zuela Aldarea amaitzeko ardura, baina, hizlariak azaldutakoaren arabera, ez dago informazio horri buruzko dokumentazio argirik.
Garai hartako marrazkilari batek Pergamoko Akropolia irudikatu zuen, eta solasaldiaz gozatzeko aukera izan zuten pertsona guztiek berreraikuntza hori ikusi ahal izan zuten. Era berean, agerian geratu zen marrazkilari hark egindako akatsa; izan ere, ez zegokion tokian jarri zuen Aldarea. Ondoren, beste kontu bat azaldu zen: turkiarrek hango kare-labea geldiarazi zutela, eta indusketak egin zirela obra osoa azaleratzeko. Hain zuzen ere, multzoaren osotasuna Berlingo Pergamoko Museoan ikus daiteke gaur egun, eta xehetasun horiek aho zabalik utzi zituzten entzuleak.
Jakina denez, beste zenbait gai ere aipatu ziren: Pergamoko Zeusen Aldarearen ezaugarriak, Aldarearen historia, eta frisoan ikus daitezkeen figurak, besteak beste. Amaitzeko, erreprodukzioa Museoan ikusi ahal izatea gauza zoragarria izan zen. Berrogeita hamar pertsonatik gora izan ziren bertan, denak adi eta gogotsu, beti jende guztiaren itxaropenak betetzen dituen hitzaldi-ziklo honetaz gozatzen.