Sileno eta Dioniso Umea

Louvre Museoak egina 1930
Sileno eta Dioniso umea multzoaren eskaiolazko kopia
Jatorrizkoa Louvre Museoan kontserbatzen da.

Eskulturak Sileno irudikatzen du besoetan Dioniso umeari eusten diola. Greziar mitologiaren arabera, Sileno satiro bat zen –hau da, erdi gizaki eta erdi animalia zen izakia– eta Dioniso jaio berria zaintzeko enkargua egin zioten. Jainko txikia Zeusen eta haren maitale hilkor baten semea zen, eta Zeusen emazte Herak hil egin nahi zuen. Hori eragozteko, Zeusek umea basoan ezkutatzeko agindua eman zuen, Silenok zainduta.

Multzo eskultoriko honen zenbait kopia gorde dira. Horien formek pentsarazten dute brontzezko jatorrizko bat izan zela, K.a. IV. mendearen amaierakoa beharbada, ondorengo aldaeren inspirazio iturri izan zena. Haren ezaugarriak aintzat hartuta, uste da brontzezko jatorrizkoa Lisipo eskultore ospetsu eta Alexandro Handiaren erretratugileak egina izan zitekeela.