Sarrera
Zer da ederra, bikaina? Nork erabakitzen du zer den polita? Zergatik batzuetan denok ados gaudela dirudi eta beste batzuetan ez? Ikusitakoak ikusita, badirudi baztertu dezakegula edertasuna Izadiaren produktua baino ez delako ideia. Badu zerikusia guk hari begiratzen diogun moduak. Ideia horiek onartuko baldin bagenitu, edertasuna kontzeptu aldakorra litzateke. Faktore kultural askoren mendeko litzateke: gizartearena, ohiturena...
Aldi guztietan, gizakia edertasuna definitzen saiatu da. Literatura, zientzia eta artea horren adibide egokiak dira. Literaturak eta arteak ikuspegi pertsonal eta subjektibo batetik adierazten dute edertasuna, eta zientzia kontrakoa egiten saiatzen da. Edertasunaren printzipioa zuzentzen duten arauak bilatzen ditu. Eta, adibidez, esaten digu zenbat eta simetrikoagoak izan gure aurpegiak edo gorputzak orduan eta ederrago ikusten ditugula. Horrenbestez, zientziaren arabera, proportzioak edertasunaren gure pertzepzioan eragiten duten alderdietako bat dira.
Itxuraz sinplea den ideia bat, antzinako greziarrek jada erabilitakoa. Haien arabera, perfekzioa pixkanaka... zenbaki askoren bidez lortzen zen. Hori zen edertasunaren greziar kontzeptuaren oinarria. Eta antzinako eskultura pentsamendu horren adibide ona da. Hain zuzen ere, greziar eskultoreek kontzeptu hau mende asko pasatu arte errepikatu ez zen parerik gabeko modu batez garatu zuten. Errenazimentuan baino ez zituzten berreskuratu artistek antzinako greziarren teoriak artean edertasuna irudikatzeko.
Edertasun fisikoaz harago
Greziar artista eta filosofoentzat, edertasuna ez zen kontzeptu estetiko soila. Edertasuna fisikoaren eta etikoaren arteko batura zen. Antzinako Grezian kalos hitza erabiltzen zen edertasunaren ideiari erreferentzia egiteko. Baina eskuarki agathos hitzarekin batera erabiltzen zen, ona. Horrela, antzinako greziar munduarentzat edertasuna ideal estetiko eta moralen arteko nahasketa bat zen. Edertasuna ulertzeko modu hori islatzen saiatu ziren greziar eskulturak. Horregatik, giza gorputza izan zuten gai maitatuena.
Biluztasun atletikoa
Biluztasuna da antzinako Greziako gorputzaren irudikapenaren ezaugarri bereizgarrienetako bat. Hura da garaikideetatik gehien bereizten duena. Ez Mesopotamian, ez Egipton eta ezta Erroman ere erabili zen gorputz biluzia Grezian erabili zen askatasunarekin. Oro har, antzinako munduan biluztasuna gauza negatibotzat jotzen zen. Esklaboak edo garaitutako eta umiliatutako etsaiak irudikatzeko baino ez zen erabiltzen. Eta, Erroman, Grezia imitatzeko ere bai.
Grezian, ordea, gorputz biluziaren irudikapena beste modu batean ulertu zen. Biluztasun publikoa ez zen ohitura greziar polisetan. Gizonak ez ziren biluzik ibiltzen kaleetan. Baina gimnasioetan biluzten ziren.
Gimnasioak bilerarako eta prestakuntzarako zentroak ziren. Hiritarrentzat erreserbatuta zeuden. Horrez gain, lotura estua zuten entrenamendu militarrarekin. Greziarrek praktikatzen zituzten kirolen helburua soldadu onak prestatzea zen. Eta fisikoki sasoi betean zegoen gorputzak soldadu bikaina erakusten zuen.
Horregatik, antzinako greziar eskulturetako askok atletak irudikatzen zituzten, beren hirien harrotasunerako motibo gisa. Biluzik agertzen ziren beste figura batzuk jainko-jainkosak eta heroiak ziren, hiritarrek jarraitu beharreko ereduak.
Hermes Dioniso Umearekin
Obra honen jatorrizkoa Heraren Tenpluan aurkitu zen, Olinpiako Santutegian. Horregatik, Hermes Olinpiakoa ere baderitzo. Hermes jainkoa irudikatzen du, Olinpoko mezularia, besoetan Dionisio haurra daukala. Zeusek haurra bere emaztearengandik ezkutatzeko agindu zion Hermesi, emazteak hura hil egin nahi zuelako. Dionisio Zeusen eta emakume hilkor baten semea zen eta Zeusi emazteak ez zion barkatzen.
Multzo honetan gehien interesatzen zaigun figura Hermesena da. Antzinako Greziako gorputz biluzien irudikapen tipikoa ikusten dugu horretan. Gizon gaztea da, bizitzako unerik loratuenean dagoen heldu bat. Giharrak perfekzioz moldeatuta dauzka. Giharrak bereiz ditzakegu, nahiz eta ez egon esajeratuta. Gorputz ideala da. Beso-zangoen luzerari dagokion altura egokia dauka. Aldi berean, zangoak gorputz-enborrarekiko eta buruarekiko proportzio perfektuan daude. Badirudi zati bakoitza besteekin erlazionatzen dela, denen artean gorputz perfektua osatzeko.
Jatorrizko estatua Praxitelesek egin zuen; atenastar eskultore garrantzitsu bat zen, K.a. IV. mendean bizi izan zena. Garaiko joerei jarraituz, Praxitelesek sentsualitate dosi halako bat gehitu zion figurari. Itxuraz erreza den teknika batez lortu zuen. Hermes zutik dago. Haren gorputzaren pisua, aldaketatik behera, eskuineko zangoaren gainean geratzen da. Ezkerrekoa libre dago eta pixka bat atzera eramana. Hori egitean –eta geuk egiazta dezakegu, hura imitatuz–, eskuineko aldaka alde horretara mugitzen da apur bat. Bestalde, Hermesen gorputz-enborra, lepotik aldaketaraino, bere ezkerralderantz okertzen da. Posea osatzeko, burua biratzen du, eskuinalderantz berriro. Horrela, estatua goitik behera zeharkatzean “ese” baten forma ikusten da. Artearen Historian “ese” horri Praxitelesen Kurba deritzo. Eskultorearen sinadura gisako bat izan zen. Hari esker, gizonezkoen figurak sentsualago egiten ziren, forma lerromakurrak erakutsiz, emakumeen gorputzen berezkoagoak direnak.
Oreka, simetria eta proportzioa
Greziar arteari buruzko liburuetan hitz batzuk behin eta berriro errepikatzen dira. Horietako bat kanon da. Literalki neurria du esanahia. Kanona beti erlazionatzen zen artean beti presente dauden beste ideia batzuekin: oreka, simetria eta proportzioa. Guztien konbinazio zuzenari esker lor zitekeen perfekzioa eta edertasuna giza gorputzaren irudikapenean.
Garai eta estilo bakoitzak eduki zuen bere kanona. Aldatu egiten zen uneko gustuen arabera. Baina, greziar artearen garapenean zehar, bi artista nabarmendu ziren beste guztien gainetik, neurriak eta proportzioak erabiltzeko moduarengatik. Beren garai propiotik harago ere jarraitzaileak izan zituzten eskultura eskolak sortu zituzten biek.
Lehenengoa Polikleto izan zen, K.a V. mendean bizi izandakoa, aro klasikoan. Hura izan zen, ezagutzen ditugun artisten artean, giza gorputzaren proportzioak finkatzen lehena. Baita gai horri buruzko tratatu bat idatzi zuen lehen artista ezaguna ere. Liburuaren izenburua, hain zuzen ere, Kanon zen. Dirudienez, estatua perfektua egiteko egin beharreko urratsen berri ematen zuen, lege naturalei eta proportzioari jarraituz. Polikletok Doriforo deitutako eskultura batera eraman zituen bere teoriak, eta eskultura hari Kanona ere deitu zioten.
Hurrengo mendean, beste eskultore batek Polikletok proposatutako neurriak aldatu zituen. Artista hori Lisipo izan zen. Gorputzaren neurriak luzatu egin zituen. Polikletok zioen gorputzaren alturak burua halako 7 izan behar zuela. Lisiporen ustez, gorputz osoaren altura egokia lortzen zen buruarena 8 bider errepikatuz.
Borghese Gladiadorea
Gladiadore deritzogun arren, gaur egun badakigu ez dela gladiadorea. Estatua aurkitu zutenean, XVII. mendean, haren anatomia hain garatua ikusita, gladiadore batean pentsatu zuten berehala. Baina erromatar hareetako borrokalari haiek ez ziren biluzik agertzen. Oro har, erromatar eskultoreek ez zituzten gizon biluziak irudikatu greziarrak imitatzerakoan baizik. Gaur egun uste da hemen irudikatutakoa Akiles greziar heroia dela. Hura izen zen irabazle nagusia Troian borrokatu ziren heroien artean. Gorputz atletikoa, beraz, guztiz justifikatuta dago.
Irudikapenak Akiles ekintza betean erakutsi nahi izan digu, ikusten ez den etsai bati aurre egiten. Ezkutu bati eusten zion, gaur egun galdua, ezkerreko besoarekin. Haren besaurrearen inguruan ezkutuari eusten zion brida ikusten da oraindik. Bere gorputza babesten zuen aldi berean eskuineko eskuan zeukan ezpatarekin erasoari ekiten ari zitzaion.
Akilesena gorputz zaintsua da, ondo osatua eta lerdena. Irudi luke gorputz-enborra, zangoak eta besoak normala baino pixka bat luzeagoak direla, batez ere buruaren tamainarekin alderatuz gero. Kanon luzatu honek pentsarazi du Lisiporen eskolako eskultura bat izan daitekeela.
Estatuaren oinarrian Agasias Efesokoaren izena irakurtzen da. Lisipo baino nahikoa geroagoko eskultorea izan zen. Horrela, Agasiasek Lisiporen kanona erabilirik izango zuen, baina bere garaiko elementu tipiko batzuk gehituta. Lehena mugimendu sentsazio handia izan zen. Baita angelu guztietatik ikusia izateko figuraren kontzeptua ere. Gertatzen ari dena ondo ulertzeko, figura osorik inguratu behar dugu. Azkenik, badirudi Agasiasek ikuslearen buruan eszena bat sortu nahi izan zuela, figura bakarra erabiliz. Estatua osorik ikusita, ikuslea Akilesen etsaia irudikatzeko gauza zen. Horrela, pasarte osoa irudikatzen zuen bere buruan, nahiz eta Akiles baino ez ikusi.
Emakumeen gorputza
Atleten eta greziar heroien eskulturak ikustean gure irudipena izaten da gustuak ez direla asko aldatu gure garaian. Baina ez da gauza bera gertatzen emakumeen irudikapenarekin.
Lehen ere esan dugun bezala, gizonezkoen gorputzen formek gizonek gizartean zuten funtzioari erantzuten zioten. Haiek menderatzen zuten greziar munduko bizitza politikoa eta kulturala. Politikariak eta soldaduak ziren eta haien gorputzek benetako atletenak izan behar zuten.Gauza bera gertatzen zen emakumeen kasuan. Haien gizarte rola zen beren gorputzen irudikapenaren oinarria. Eta haiek, ororen gainetik, hiritarren amak ziren. Horregatik, haien gorputzen irudikapenek emankortasunaren eta amatasunaren ideiak dituzte ardatz nagusi. Gure gizarte garaikidean, gero eta gehiago, emakumea beste rol batzuk bereganatzen ari da eta gizonarekin parekatzen. Orain bere gorputzaren jabe da eta amatasuna ez da jada betebehar bat. Aldaketa hori emakumeen gorputza ikusteko dugun moduan islatu da eta greziar eredutik urrundu gara.
Greziar artean irudikatutako emakumeak jainkosak izan ohi dira. Eta, bigarren lekuan, gazte, emazte eta ama jada hilak. Gizonezkoen eta emakumeen arteko irudikapenen arteko lehen desberdintasuna da emakumeak inoiz ez direla biluzik agertzen. Arau horrek duen salbuespen bakarra Afrodita jainkosa da. Hura zen bere gorputza erakuts zezakeen bakarra, edertasunaren jainkosa gisa.
Venus Knidokoa
K.a. IV. mendean zizelkatu zen Afrodita biluziaren lehen estatua eskala handian. Egilea Praxiteles izan zen. Figurari Knidoko Afrodita deritzo. Afrodita Euploiari, nabigazioa seguruaren babesleari, eskainitako tenpluan ezarri zuten.
Praxitelesen eskultura ederrena iritzita miretsi zuten antzinaroan. Afrodita zutik ageri da, guztiz biluzik, pubisa eskuineko eskuarekin estali nahian. Aldi berean, soineko bati eusten dio ezkerreko eskuarekin. Haren azpian urontzi bat ikusten da. Eszenak jainkosa bainuan harrapatua erakusten duela dirudi, begirada lotsagabeetatik babestu nahian.
Jatorrizko eskulturaren aurpegiak emakume gazteen irudikapenerako arauak ezarri zituen K.a. IV. mendetik aurrera. Aurpegia ileak markoztatuta gelditzen da, bi zatitan banatuta, eta buruaren atzealdean bilduta, motots batean; sudurrak soslai zuzenari jarraitzen dio, greziarren artean tipikoa den moduan; begiak sudurraren ardatzera hurreratzen dira. Ahoa txikia eta haragitsua da. Hazpegiak aurpegiaren erdialdeko espazio murritz batean biltzen direlako irudipena ematen du multzo osoak.
Praxitelesek zizelkatutako jatorrizko eskultura galdu egin zen antzinaroan. Gaur egun kontserbatzen dugun guztia haren obraren kopiak eta interpretazioak dira. Batzuk hobeak eta beste batzuk okerragoak.