Sarrera
Julio II.ak, Aita Santu Gerlaria ere deitutakoak, pasio handia zuen antzinako munduarekiko. Haren bildumazaletasunak Vatikanoko antzinako klasikoen lehen multzoa sortzea eragin zuen. Antzinako Erromaz geroztik lehen aldiz, estatua baten edertasunak hura erakustera bideratutako espazio baten sorrera bultzatuko zuen.
Laokoon eta haren semeen multzo eskultorikoaren aurkikuntzak, 1506ko Erroman, antzinaro klasikoko edertasun gorenaren behaketarako patio baten eraikuntza sustatu zuen. Han jasoko zen Giuliano della Rovereren –Julio II.aren– antzinakoen bilduma, zeina gero haren oinordekoek osatuko zuten.
Patio horri Cortile delle Statue zeritzon. Denborarekin, gaur egungo Vatikanoko Museoen ernamuin bihurtuko zen. Han kontserbatutako estatuak bost mende baino gehiagoz erakarri dituzte milaka turista, begiluze eta artista, haien edertasun paregabea mirestera etorriak.
Artea propaganda gisa
Rovere familiako aita santuak, Errenazimentuko figura handi gehienek bezala, arteen arloko mezenasak izan ziren, geroko interes propagandistikoek sakon eraginda.
Sixto IV.a
Familiako kideen artean pontifize-tronura igotzen lehena, XV. mendean, Julio II.aren osaba izan zen, Sixto IV.a (1471-1484), zeina Errenazimentua Erromara sartzen aitzindari izango zen. Seguru asko Sixto IV.aren ekarpenik ezagunena, alde horretatik, antzinako Capella Magna berriztatzea agindu izana da, hura eraldatuz Kapera Sixtinoa sortzeko, haren izena daramana. Dekoraziorako, Sixto IV.ak garaiko florentziar artistarik ospetsuenetako batzuei joanarazi zien Erromara, horien artean Domenico Ghirlandalo –Michelangeloren maisua– era Sandro Boticelli.
Vatikanoko Artxiboen sortzailea izateaz gain, aita santua Artearen Historiara pasatu da Erromari Done Joane Laterangoaren jauregian kontserbatzen zen antzinako brontzeen bilduma eman ziolako dohaintzan.
Laterango brontze ospetsuak Kontserbatzaileen Jauregira eraman zituzten, Kapitolioan, 1471an. Ez litzateke zuzena Sixto IV.aren dohaintza aita santuaren eskuzabaltasunaren agerpen hutsa dela esatea. Sixto IV.ak ez zuen mezenasgo artistikoaren inguruko berezko interes handirik. Mugimendu horren bidez, aitasantutzako bere politikaren oinarriak ezarri nahi zituen, aita santua Erromako edozein gobernu motaren gainetik zegoela berretsita.
Antzinako estatuen bilduma horretan Kapitolioko Otsemea, Marko Aurelio eta Kamilo eskultura ospetsuak eta Konstantinoko Kolosoaren zatiak zeuden. Jatorrizko Erromaren sinbolo gisa, Arantzadun umea ere pieza arkeologiko urri haien artean zegoen. Erdi Aroaren iluntasunetik bizirik irten ziren estatua haiek, aldez edo moldez, une hartan Errenazimentuko aita santuen eskutik berriro suspertzen ari zen antzinako Erromaren jarraitutasuna irudikatzen zuten.
Arantzadun umea
Oinazpitik arantza bat erauzten ari den ume hau antzinako eskulturen artean miretsienetako bat izan zen Erroman, eta eskultura paganoaren aurka ekin zion Erdi Aroko kristautasunaren erasoetatik osorik irten ziren bakanetako bat. Arantzadun umea marmolezko zutabe baten gainean egon zen mende askoan, Erromaren erdialdean, iraganeko artelanen aurkako jazarpen erlijiosoari desafio eginez.
Gureganaino iritsi diren estatuen kasuan gertatu ohi denez, haren gaiari eman zizkioten berrinterpretazioei esker iraun zuen. XII. mendearen eredialdean, Rabbi Benjamin ben Jonah Tuterakoak esan zuen umea Abasalon zela, David erregearen semea, ederra izateagatik ezaguna. Pixka bat geroago, Arantzadun umea Priaporekin identifikatu zen, haragikoitasunaren greziar jainkoa eta, horrenbestez, bekatu horren sinboloa, kontua larriagoa izanik kasu honetan ume bat delako. Interpretazio horren oinarria haren sexu-organoei behatu eta handiegitzat jotzea izan zen.
Errenazimentuan, eskultura Kneo Martzioren irudikapena zela uste izan zen, erromatar artzaintxo bat, zeinak Erromaren aurkako berehalako eraso baten abisua eman zion Senatuari, eta oinean sartu zitzaion arantza batek eragindako infekzioaren ondorioz hil zen mezua eramateko lasterka egiten zuen bitartean.
Ia garai guztietan saiatu diren arren figurari esanahi bat bilatzen, gaur egun badakigu eszena anekdotiko bat dela, Grezia helenistikoan ohikoa, artista asko gehiago kezkatzen zituelako estetikak mezu politiko edo etiko hotsandiek baino. Ikuspuntu artistikotik begiratuta, eskulturak, erromatar bezero berrien gustuetara egokitzeko, iraganeko formak berriekin fusionatu zituen garai horri ere badagokio.
Julio II.a
Julio II.a ere ez zen atzean geldituko arteen lanketan. Aita santu egin aurretik Artearen Historiako pieza eskultoriko ospetsuenetako baten jabe zen, Belvedereko Apolo.
Hala ere Julio II.a askoz ere ezagunagoa da, mezenasgo artistikoaren arloan, 1503an aita santu izendatu ostean abian jarritako proiektuengatik. Bi urte geroago, 1505ean, aita santu berriak bere hilobia eraikitzeko enkargatuko zion Michelangelori, gero Vatikanoko Done Petri Basilikaren erabateko erreforma eragingo zuena.
Michelangelo hilobiaren proiektu kolosalean murgilduta zegoen bitartean, aita santuak, 1508an, beste enkargu bat egin zion, hura bezain handinahia gutxienez, Sixto IV.ak erreformatutako Kapera Sixtinoaren gangaren dekorazioa, zeina artistak ez zuen 1512ra arte amaituko, aita santua hil baino hiru hilabete lehenago.
Antzeko zerbait gertatu zen Done Petri Basilikarekin ere, zeina ez zen amaitu 1626ra arte. Julio II.ak Donato Bramanteri enkargatu zion basilika konstantinotarra ordezkatzeko proiektu berria, baina handik gutxira pontifize-apartamentuak Inozentzio VII.aren antzinako etxearekin lotzeko espazio arkitektoniko bat sortzeko ere enkargatu zion, Cortile del Belvedere zeritzona.
Belvedereko Cortilea
Pontifize-jauregiaren eta Inozentzio VIII.aren antzinako Etxearen arteko haran txikia urbanizatzeko asmoz, Donato Bramantek luzetarako patioa diseinatu zuen, albo banatan arkupez inguratua eta harmailaz komunikatua, Sant'Egidio mendiaren soslaiari jarraituz gora egiten zuena.
Proiektu berriari Cortile del Belvedere zeritzon. Patioak aise gainditzen zuen bi multzo arkitektonikoen arteko desnibela, konplexuari ikusizko batasuna emateaz gain aisialdirako eta topaketarako espazio berriak eskainiz. Alboetan, galeriak edo loggiak handitik txikirako hurrenkeran ezarritako arku-multzotan banatzen ziren, eta erdigunean trantsizioa harmailen eta tranpolen bidez egiten zen. Harmaila horietako lehenak agertoki bat sortzen zuen, gainera, patio-korridorearen erdigunean.
Goialdean –benetako Belvedere– Bramantek exedra handi bat diseinatu zuen, zeinetara harmaila zirkular batez sartzen zen. Multzoaren atzean, Inozentzio VIII.aren Etxearen ondoan, Bramantek antzinako estatuen Bilduma aterpetzeko patio bat –Cortile delle Statue– eta Jauregirako sarbidea errazteko arrapala bat –Scala de Bramante zeritzona– proiektatu zituen.
Patiorik bisitatuena
Cortile delle Statue zeritzonean ezarritako multzo eskultorikoa bisitatuenetako bat izan zen XVI. mendetik aurrera. Gurtzarako leku bat zen ia hainbat artistarentzat, Michelangelo horien artean, Grand Tourreko bisita izarretako bat, Uffiziko Tribunarekin batera.
Han miresten ziren estatua guztien artean, pasio gehien piztu zuena eta garai guztietako artistengan eragin handiena izatera iritsi zena Laokoon multzoa izan zen. Haren ondoan, Belvedereko Apolo –Julio II.ak bereganatutako lehen antzinakoa–, Komodo, Venus Felix, Kleopatara (Ariadna lokartua), Tiber, Nilo eta Belvedereko Torsoa izan ziren begi guztien erakargarri mende askoan.
Bilduma Julio II.aren ekarpenetatik abiatuta sortu zen; 1502tik 1512ra arte hainbat erosketa egin zituen mezu propagandistiko eta sinboliko aztertua zeukan multzoa osatzeko.
Cortilearen ospeak artista eta begiluzeak eraman zituen Erromara eta Europako monarka batzuen interesa piztu zuen; jatorrizkoetara sarbiderik ez zutenez, obrarik ospetsuenen kopiak bereganatzen saiatu ziren. Horietako bat Frantzisko I.a Frantziakoa izan zen, zeinak Primaticcio hiri eternalera bidali zuen patioko estatua batzuk erostera.
Apolo Belvederekoa
Beharbada ez da izango antzinako beste artelanik Apolo jainkoaren estatua hau baino estimatuagoa izan denik XIX. mendearen aurretik, Johann Joachim Winckelmann lehen arte kritikari modernoaren laudorioei esker. Estatuaren aurkikuntzaren data eta leku zehatza kontserbatu ez badira ere, obra ezaguna zen jada 1489an.
1489 eta 1503 arteko une batean, Giuliano della Rovere kardinala Julio II.a aita santu bilakatu zenean, Apolo kardinalaren bilduma pribatuetako parte izatera pasatu zen. Aita santu izatera iristean, estatua Vatikanora eraman zuten eta 1511rako Belvedereko Cortile delle Statuen ikusgai zegoen jada; handik hartua du izena.
XVIII. mendearen amaieratik antzinako greziar eskulturaren edertasunaren paradigmatzat hartu zelako eskuratu zuen eskultura honek hain ospe handia. Garai hartan uste zen K.a. IV. mendeko maisu batek egindako lana zela. Baina antzinako Greziako arteari buruzko ikerketen garapenei esker ondorioztatu da Belvedereko Apolo jatorrizko klasiko baten erromatar interpretazioa dela.
Lehen marrazkiek ezkerreko besaurrerik eta eskuineko eskuko atzamarrik gabe erakusten dute figura. Ezkerreko eskuak eta besaurreak eztabaida piztu dute, jainkoak zeri eusten zion argitu ezinik. Beharbada ezkerreko eskuak arku bati eusten zion, bizkarrean eskuineko sorbaldaren gainean daukan buiraka, zeinaren uhalak bularra zeharkatzen duen, osatuz gisa horretan. Burua, bortxaz jiratua ikuslearen eskuinaldera, gezi baten bideari jarraitzen egon liteke kasu honetan. Litekeena da eskuineko besoak erramu-boneta bati eutsi izana, eskuineko zangoari eusten dion arbolaren enborrean landare horren hostoen hondar batzuk ikus baitaitezke oraindik ere. Belvedereko Apolo jainkoa bakegile eta sendalari zereginetan irudikatzeko diseinatua izan zitekeen, horrenbestez.
Laokoon eta haren semeak
Belvedereko Apolo Julio II.aren jabetza izan baldin bazen hura aita santu bilakatu aurretik, Laokoon haren erosketa esanguratsuena izan zen, Estatuen Patioaren sorrera eragin zuen pieza eta han ezarria izan zen lehena izateaz gain. Laokoon eta haren semeak multzoa Vatikanoko Museotako eskultura ospetsuena izan da eta da.
Osperako haren bidea 1506ko urtarrilean hasi zen, aurkitu zen unean, eta 1959an sendotu zen, azken berriztapena egin ziotenean, zeinean jatorrizko besoa ezarri zioten, 1905an agertua.
Laokoonen aurkikuntzaren albistea bizkor zabaldu zen Italia osoan zehar. Interes handia piztu zuen artisten eta poeten artean, batez ere hasieratik eskultura antzinaroko bi egile ospetsuenetakoekin erlazionatu zelako: Virgilio eta Plinio.
Iturri garaikideetan gehien tratatu zen albisteetako bat izan zen haren prezioarena eta aurkikuntzaren ondoren bi bildumazaleren artean sortutako lehiarena. Julio II.a ez zen hura erosteko interes handia erakutsi zuen bakarra; garaiko beste figura handi batzuek ere bereganatu nahi izan zuten, Frantzisko I.a Frantziako erregeak, Isabella d'Estek eta Erromako hiriak berak ere, adibidez.
Haren kontserbazio egoera bikainak ere interesa piztu zuen, neurri handi batean. Multzoa ia ukitu gabe zegoen. Oinarria galduta zegoen, baina figurei zati txikiak eta eskuineko besoak baino ez zitzaizkien falta, seme nagusiaren kasuan izan ezik, hark eskuineko eskuko atzamarrak baino ez baitzituen galdu.
Belvedereko Torsoa
Zehaztu gabeko une batean, Klemente VII.aren (1523-1534) eta Paulo II.aren aitasantutza-aldien artean (1534-1549), Cortilen sartu zen Torso ospetsua, zeinak haren izena hartuko zuen.
Une hartan, eskulturak oinarria hautsita zeukan eta lekura hurreratzen ziren bisitariek eskuineko ipurmasailaren gainean etzanda baino ezin izaten zuten ikusi, garaiko marrazki batzuek islatzen duten moduan. Leku horretan zehazki zeukan estatuak multzo osoa bermatzeko espazio handiena eskaintzen zuen haustura.
Figura hain zatikatua egoteak haren berriztapena eskatzera bultzatu zituen aita santuak, eta berriztapen hori partziala izan zen azkenean. Garai hartan ez zen antzinakoen gainean esku hartu ohi. Hala ere, Klemente VII.ak Cortileko estatuak berriztatzeko eskatu zuen, haien artean Torsoa zegoela. Apolo eta Laokoon obren gainean esku hartu zen, baina kondairak dio Michelangelok Torsoa berriztatzeari emandako ezezkoaren ondorioz haren oinarria baino ez zela berriztatu, zutik jartzeko.
Torsoa Patioan erakutsi zen Klemente XIV.aren aitasantutzara arte (1769-1774), orduan Vatikanoko Museo sortu berrietara eraman baitzuten. Handik aurrera figura hark Herakles (Herkules erromatarra) lehoi larru baten gainean eserita irudikatzen zuela uste izan zen. Baina urte hartan Wroclawko anatomista bat jabetu zen figuraren azpiko larrua ez dela lehoiarena, beste espezie bateko animalia basati batena baino. Une hartatik aurrera, biderkatu egin ziren interpretazioak, harik eta ikerketa berrienek Ajax greziar heroiarekin identifikatu zuten arte, bere burua hil baino une batzuk lehenago.