Troiako Gerra
Greziarren eta troiarren arteko gerraren historiaren berri ematen zuen kontaketa konplexu eta luzea inspirazio iturri izan zen ezin konta ahala artelanetarako, hala literario nola eskultoriko zein piktoriko.
Guretzat historia Iliadan kontatzen diren gertakarietara murrizten dela baldin badirudi ere, Homeroren liburu ospetsuak gerraren azken urtearen berri baino ez du ematen. Antzinako greziarrentzat, Troiako Gerraren historian sartzen ziren haren jatorria eta gatazkako hamar urteak ere, Akilesen heriotza, zaldiaren iruzurra, amaierako setioa eta greziar heroien itzulera haietako bakoitzaren etxera.
Istorio horiek guztiak Troiar Zikloa izenarekin batutako hainbat narraziotan garatzen ziren.
Troiako Gerrako zatirik ezagunena Homerok borrokaren azken urteaz egin zuen narrazioaren bidez iritsi zaigu. Guretzat Iliada literaturaren gailur bat baldin bada, greziarrentzat poesia epikoaren adibide bat izan zen, garai guztietan miretsia. Eta haren egilea, Homero, heleniar munduko idazle ospetsuena bilakatu zen.
Dauzkagun datu urrien arabera, badirudi Homero K.a VIII. mendean edo VII.aren hasieran bizi izan zela. Kontserbatzen ditugun haren erretratuak askoz ere geroagokoak dira. Bistakoa denez, busto horiek ezin dira erretratutzat jo hitzaren esanahia zorrotz harturik, mende batzuk geroago egin baitziren, inork ez zekienean zer itxura zuen poetak. Hala ere, eskultoreek ezaugarri jakin batzuk hartu zituzten hura irudikatzeko, gogora ekartzen zutenak hala haren nortasuna nola antzinako Greziako unibertso kulturalean zeukan garrantzia. Homero pertsonaia itsu gisa ageri ohi da, tradizioak esaten zuelako hala izan zela. Ikusleen buruetan ideia hori sortzeko, betzuloak hondoratzea erabiltzen da baliabide gisa. Horrela, itsutasunaren ideiaz gain nortasun introspektibo eta pentsakorrarena ere transmititzen da, pertsona sortzaileari buruz izan ohi dugun kontzeptuarekin bat eginda. Gainera, adin handiko irudikatzen da, antzinako munduan adina jakinduriarekin eta aholku jakintsuekin erlazionatzen baitzen, Homerok berak Iliadan ondo erakusten duen moduan, Pilosko errege Nestor agurgarriaren figuraren bidez.
Gerra piztu zuena
Troiako Gerra Tetis eta Peleoren arteko ezkontzaren ondorio zuzena izan zen. Zeusek jainkosaren ezkontza agindu zuen, Tetisek aita baino ospetsuagoa izango zen semea izango zuela zioen profezia saihesteko. Zeusek jainkosa gorteatu zuen, baina ez zuen haurdun utzi nahi izan zezakeen semeak Olinpoko tronua kenduko zion beldurrez. Horregatik, gizon hilkor batekin ezkonarazi zuen.
Olinpoko jainko-jainkosa guztiak joan ziren ezkontzara eta ondorengo festara. Guztiak bat izan ezik. Norbaiti Eris gonbidatzea ahaztu zitzaion, desadostasunaren jainkosa, eta hark festa izorratu nahi izan zuen hasi orduko. Haren mendekua izan zen Zeusen emazte Hera, Atenea eta Afrodita eserita zeuden mahaira urrezko sagarra jaurtitzea. Sagarrean hau irakurtzen zen: ederrenarentzat . Hiru jainkosetako bakoitzak sagarra berak merezi zuela uste zuen, jakina, baina norbaitek erabaki behar zuen nori zegokion desadostasunaren sagarra.
Une horretan, Zeusek ez konplikatzea erabaki zuen, eta beste norbait izendatu zuen epaile. Hermes mezulariari deitu eta jainkosei Alexandros artzainarengana (Iliadako<-em> Paris ospetsua) laguntzeko eskatu zien; hark bere artaldeak zaintzen zituen Ida mendian. Hara iritsi zirenean, Parisek erabaki zaila hartu behar zuen. Inoren alde egiten ez zuenez, hiru jainkosak, bakoitza bere aldetik, hura sobornatzen ahalegindu ziren; Herak herri guztien gaineko agintea agindu zion; Ateneak, garaipenak eta jakinduria; eta Afroditak, emakumerik ederrenaren maitasuna. Bizitzako hiru bideak aurrean zituela, boterearena, garaipen militarrarena eta amodioarena, Parisek azken horren aldeko hautua egin zuen eta horrela zigilatu zuen Troiaren patua. Emakumerik ederrena Helena baitzen, Espartako erregearen emaztea. Parisek Troiara eraman zuen eta bahiketa horrek greziar erregeen erantzun belikoa eragin zuen.
Knidoko Afroditaren jatorrizko estatuak, Praxitelesek K.a. IV. mendean sortua eta zeinaren gaur egun erromatar kopiak baino gordetzen ez diren, Troiako Gerraren hasierarekin erlazionatutako anekdota bat ekarri nahi izan zuen gogora, dirudienez.
Jainkosa biluzik dago, oihal bati, beharbada bere soinekoari, eusten, ondoan urontzi bat duela. Hari begiratzerakoan, irudi luke esan nahi duela norbaitek (guk) bainu bat hartzera zihoala harrapatu duela (dugula). Bainu hori Afroditaren edertze-erritualaren parte bat zen, eta oraingoan jainkosa Parisi erakargarriago gertatzeko eta Olinpoko jainkosa ederren gisa hautatua izateko bainatzen da.
Artzainaren aurrean agertu aurretik, Afrodita, are gehiago edertzeko, oso maitea zuen iturri batera joan zen bainatzera, Ida Mendian. Iturri horretako urek jainkosaren edertasuna nabarmentzeko dohaina zuten, liluragarri bihurtuz. Horregatik, hiru jainkosek artzaina sobornatu zutenean, hark ezin izan zion Afroditaren erakarmenari eutsi, nahiz eta egindako aukerak erabateko hondamendia ekarri bere familiari eta bere hiriari.
Jainko-jainkosak eta heroiak
Troiako Gerrako narrazioan zehar gure arreta gehien bereganatzen duten alderdietako bat jainko-jainkosen eta gizakien patuen arteko nahasketa da. Logikoa da heroiak bi bando argitan banatuta geratzea, greziarrak eta troiarrak, baina deigarria da jainko-jainkosak ere gatazka horretan sartzea eta, batzuetan, jainko-jainkosenak baino gehiago hilkorrenak diruditen jokabideak izatea.
Gerra Afroditari garaipena eman zion Parisen Epaiketarekin hasi zela kontuan hartuta, begien bistakoa zen jainkosa horrek troiarrak babestuko zituela, batez ere Paris bera eta Eneas gaztea. Azken hori jainkosak troiar hilkor batekin izandako semea zen. Afroditarekin batera, Troiaren alde zeuden Apolo, Afroditaren maitale Ares eta Poseidon ere. Greziarren alde laidotutako bi jainkosak zeuden –Hera eta Atenea–, Hefestorekin batera.
Greziarren bandoko heroien artean, Akiles izan zen ospetsuena Mizenasko errege Agamenonekin eta Helenaren senar eta Espartako errege Menelaorekin batera. Beste bi heroi nabarmen Ulises eta Ajax izan ziren; buru-argitasunarengatik zen ospetsua lehena, greziarren artean indartsuena izateagatik bigarrena.
Troiarren bandoan heroirik miretsiena Hektor izan zen, Priamoren seme eta Parisen anaia zen printzea, zeina parerik gabeko borrokan lehiatu zen Akilesen aurka.
Luzaz antzinako eskulturen artean estimatuenetakoa izan zenak Apolo gezilari gisa erakusten du, bizkarrean daukan buirakak aditzera ematen duenez.
Gerran, Apolo Troiako lerroen alde aritu zen eta hainbat aldiz borrokan parte hartu zuen bere babestuen alde, baita Afroditari laguntzeko ere. Tradizioak zioen Troiako harresiak Apolo jainkoak berak eraiki zituela eta ezein hilkorrek ezin izango zituela inoiz eraitsi.
Haserrarazten zutenean sekulako izurriteak zabaltzen zituen jainko beldurgarria zen Apolo, horietako bat Gerraren garaian. Agamenonek jainkoa laidotu zuen, haren apaizetako baten alaba bahituz eta aitari itzultzeari uko eginez, eta, erantzun moduan, Apolok greziarren bandoan izurrite bat zabaldu zuen gezi bat jaurti zuen, soldaduen artean triskantza handia eraginez.
Baina jainkoak gatazkan izan zuen esku-hartzerik esanguratsuena izan zen Parisek jaurtitako gezia gidatzea Akiles hil zezan, orpo ospetsuan zauria eraginez.
Segurtasun osoz, Akiles greziar heroia da Troiako Gerrako pertsonaiarik ezagunena. Izenburua Gladiadorea duen arren, gaur egun uste da Akiles dela estatua honetan irudikatutakoa. Heroia zaldi gainean dagoen etsai batekin borrokan erakusten duen irudia izango litzateke, eta horregatik zuzentzen du estatuak begirada gorantz. Eskuineko eskuan ezpata bati eusten zion bitartean, kolpea emateko prest, ezkerrekoak ezkutuari heltzen zion, oraindik ere besaurrean kontserbatzen duen bridatik ondoriozta daitekeenez.
Akiles borrokalari aparta izan zen, erabakigarriena greziar bandokoen artean. Akiles loriarako hautatutako gerlariaren adibide perfektua da eta, horrenbestez, biluztasun atletikoa irudikatzeko eredu aparta. Artean, balentria militarretarako gaitasuna eta bikaintasunaren bilaketa gerlari honen gisako gorputzen bidez adierazten zen, gihartsuak, atletikoak, zaintsuak, orekatuak eta ondo proportzionatuak. Laburbilduz, perfektu bihurtu arte edertasunez idealizatuak.
Belvedereko Torsoaren aurkikuntzatik, XVI. mendeko Erroman, mendeak iragan behar izan dute hura Ajax heroiarekin identifikatu arte, jada XX. mendean. Haren benetako identitatea ezkutuan egon da mendeetan zehar, agertu zen egoeraren ondorioz. Gorputza baino ez zen geratzen. Burua, besoak eta zangoen zatirik gehienak desagertuta zeuden, nor zen esan ziezagukeen edozein ezaugarrirekin batera. Irauten zuen bakarra zen haren gainean esertzeko azpian daukan animaliaren larrua.
Luzaz pentsatu zen lehoi batena zela eta interpretatu zen irudikatua Herakles zela, zein Nemeako lehoiaren larruari eutsiz irudikatu ohi zen, berak hila. Baina XIX. mendean, anatomista batek animaliaren buztanari arreta eman zion. Lehoi batena izateko ile-sorta falta zitzaion puntan. Eta lehoia ez baldin bazen, irudikatua ezin zen Herakles izan. Ikerketa berriek figura Ajax Telamoniorekin identifikatu zuten, greziar heroien artean indartsuena.
Estatuatik kontserbatzen dugun zati murritza ondo egokitzen zaio gudara jaurtitako gerlari baten ideiari. Figuraren anatomia miresgarria da, baina, Ajax bezalako gerlari batena izateko, posea deigarria da. Berreraikitze teorikoak eskuineko besoa izter gainean bermatuta irudikatzen du, buruz behera dagoen ezpata bati eutsiz, ezkerreko besoa izterrarekin lerrokatuta dagoela, ezpataren zorro hutsari heltzen. Postura horren azalpena heroiaren geroko historian dago. Gerraren amaieran, harrokeriak bere ohore propioaren aurka egitera bultzatu zuen Ajax, eta bere burua hil behar izan zuen; horregatik, askotan ezpata zorura begira duela irudikatzen da, hemen bezala.
Gerraren amaiera
Denok dakigu greziarrek irabazi zutela Troiako gerra eta Zaldi ospetsua izan zela garaipenaren eragilea, baina ahaztu egin ohi ditugu azkeneko une horietako xehetasun batzuk.
Zaldia eraikitzea Ulisesen ideia izan zen, zeina greziar heroien artean gehiago nabarmentzen zen buru-argitasunarengatik gudako trebetasunengatik baino. Hain zuzen ere, Ulisesen izaera tranpati samar hori islatzen du haren armarik maiteena arkua izateak, eta ez ezpata, gerlari handiena izan ohi zena. Ulisesen asmoa zen zurezko zaldi bat egitea hartan greziar gerlarien zati txiki bat ezkutatu ahal izateko eta zaldi hori troiarrei ematea guda amaituko zuen opari gisa. Zalditik kanpo geratutako greziar tropek erretiratu eta ezkutatu egin behar zuten, troiarrei etxera itzultzen ari zirela sinetsarazteko. Iruzurra are sinesgarriago egiteko, greziarrek beren arteko bat atzean utzi zuten, ahaztuta, eta hark konbentzituta utzi zituen troiarrak benetan greziar armadek gudu zelaia utzia zutela.
Zaldia hiriaren ateetan geratu zen, baina troiarrek ez zuten erabakitzen harekin zer egin. Oparia onartzeko ahotsak entzun ziren arren, troiarrek zaldia hirian sartu zuten azkenean eta horrek Gerraren amaiera bizkortu zuen, Zaldia barruan zela, gauak aterpetuta, Ulises eta haren gerlariak barrutik irten ziren, hiriaren ateak ireki zituzten eta greziar armadei pasoa eman zieten. Troiaren erorketa hasia zen.
Laokoon apaizaren ahotsa Zaldiaren patuari buruz iritzia eman zutenen gainetik altxatu zen. Apoloren apaizak sutsuki aholkatu zuen oparia ez onartzeko. Hasieratik jabetu zen Ulisesek prestatutako tranpa bat zela eta oparia hartzeak arriskua zekarrela. Hasieran, herrikideek sinetsi egiten ziotela zirudien, baina pixka bat geroago Laokoon jainko-jainkosei sakrifizio bat egitera joan zen eta han, aldarearen ondoan, itsasotik sortutako bi sugek pozoitu egin zituen hura eta haren semeak. Jainko-jainkosek eragindako apaizaren bat-bateko heriotzak pentsarazi zien troiarrei zigorraren arrazoia izan zela Zaldiari uko egin izana, eta berehala hirian sartu zuten, beren patua zigilatuz. Ez zekiten Laokoonek aurretik Apolo laidotu zuela, haren santutegia profanatuz, eta hori zela hark jasotako zigorraren motiboa.
Vatikanoko Museoetako multzo eskultorikorik ospetsuenak apaiza eta haren semeak irudikatzen ditu berehalako heriotzaren atakan; bihurrituz, adoretsu borroka eginez arnasa hartzen jarraitzeko, ezin saihestu den patu batetik ihesi, huraxe baita Apolok haientzat dekretatu duena.