Jatorrizko estatua Erromako Horti Lamiani (Lamiako Lorategiak) deitutakoetan aurkitu zen, Eskilinoko muinoan, 1874an. Venusen irudi bat da, biluzik, adatsa biltzen, bainuaren ostean. Figurak besoak galdu baditu ere, haren ezkerreko eskuko atzamarrak ikusten dira mototsari eusten.
Eskultura Venus Anadiomene edo Venus itsasotik jalgia deritzon irudikapenaren ereduari lotzen zaio. Haren jaiotzaren bertsio baten arabera, Venus-Afrodita jainkosa itsasoaren aparretik sortu zen. Apar hori Urano jainkoaren sexu-organo irenduen inguruan eratu zen, uretara jaurtitakoan. Hala ere, bada figurari misterio kutsua ematen dion xehetasun bat. Jainkosaren oinetan ageri den ontziaren pareten gainean suge bat ari da kiribiltzen. Ikerketa batzuen arabera, suge hori Egiptori egindako erreferentzia bat da. Eta, zehatzago esanda, Kleopatra ospetsuari egindakoa.