Greziar artearen K.a. III., II. eta I. mendeei aro helenistikoa deritze. Aro horretan modan izan zen garrantzirik gabeko gaiak irudikatzea artean. Horrez gain, pertsonaien aukera zabaldu egin zen. Eskulturan, ez ziren dagoeneko gazte atletikoak eta emakume ederrak soilik agertzen; umeak, zaharrak eta pertsona itsusi eta deformatuak ere bai. Beste berritasun bat izan zen alde batera utzi zela eskulturen aurrez aurreko ikuspegia. Orain, figurak angelu guztietatik ikusiak izateko diseinatzen ziren, eta ez aurretik soilik.
Antzararen Umea joera helenistiko berrien adibide perfektua da. Multzoak antzara batekin jolasean ari den ume bat erakusten digu. Eszena soil eta familia-girokoa da, inolako esanahi sinbolikorik izateko asmorik gabekoa. Horrez gain, piramide formako konposizioak figurak inguratzera behartzen gaitu eszenaren xehetasun guztiak hautemango baditugu.