Bilboko Berreginen Museoak amuleto egiptoarren esanahia deszifratuko du azaroko “Obra bere testuinguruan” hitzaldian
Hitzaldia ostegunean, azaroaren 30ean, izango da, arratsaldeko 18:00etan, eta erakundeak berriki inauguratutako erakusketan oinarrituko da: “Ni neu, Isis, Señora de todas las tierras”
Itziar Martijak, erakusketaren komisarioak, eskainiko du hitzaldia
Parte hartzeko, doako sarrera bat eskuratu beharko da Museoko webgunearen bidez: www.bilbokoberreginenmuseoa.eus
Bilboko Berreginen Museoak urteko azken “Artelana bere testuinguruan” hitzaldia aurkezten du.
Hainbat urtetan eskainitako hitzaldi horien bidez, Itziar Martija teknikariak publikoari ezagutzera ematen dizkio Museoko bildumaren parte diren piezak zein erakundeak aldi baterako hartzen dituen erakusketak. Oraingoan, hitzaldiak Isis izango du ardatz, hain zuzen ere, erakundeak aldi baterako hartuko duen erakusketa berriaren protagonista izango dena: “Ni neu, Isis, Señora de todas las tierras”. Horiek horrela, datozen hilabeteotan, hitzaldi honen bidez ezagutzera emango dira urrian inauguratutako erakusketaren xehetasun guztiak.
Erakusketa honen asmoa da Egipto zaharraren ikuspegi polifazetiko batetik abiatuta, Euskal Museoaren eta Berreginen Museoaren bildumak bateratzea; horretarako, Niloko zibilizazioa antzinako Greziarekin lotzen duen hari gidari bat baliatuko da.
Erakusketa osoak Isis jainkosa izango du ardatz, eta erreprodukzioak zein Euskal Museoaren bildumako pieza egiptoar originalak ikusi ahal izango dira.
Azaroko Artelana bere testuinguruan
Hilabete honetan, hitzaldiak izenburu hau izango du: “Babeseko andrea. Señora de la protección” eta amuleto egiptoarretan oinarrituta egongo da, hain zuzen ere, “Ni neu, Isis, Señora de todas las tierras” erakusketaren parte direnak.
Amuleto hitza entzutean, zorte onari lotutako objektuak datozkigu burura; hala ere, objektu horien jarduketa-espektroa, oro har, eta egitoarrena, zehazki, guztiz zabalagoa izan zen eta oraindik ere bada. Bizidunentzako amuletoak eta hildakoentzako amuletoak egon ziren, baita bizidun eta hildakoentzako amuletoak egon ere. Babesteko amuletoak, boterea transmititzekoak, gaitasunak edo trebetasunak ematekoak, jainkoen botereei dei egitekoak... Azken batean, aukera zabala zegoen Egipto Zaharreko jendearentzat.
Egiptoar zibilizazioa bera bezain objektu goiztiarrak aurkitu dira, V. milurtekotik I. milurtekora doan arku kronologiko batean garatzen direnak eta imajina daitezkeen forma ia guztiak hartzen dituztenak. Amuleto ugari sortu ziren: animalien, dibinitateen, botere-objektuen zein giza gorputzeko atalen formekin. Hauexek dira ezagunenak: kakalardoa (bizitza berriaren edo berpizkundearen adierazgarri) eta Wedjat edo Horusen Begia, babes-amuleto boteretsuenetako bat.
Aipaturiko bi adibide horiek bizidunek zein hildakoek erabilitako amuletoen kategorian sartzen dira, izan ere, Egipto Zaharrean, momiak amuleto-sorta batekin batera lurperatzen ziren nahitaez, leku konkretu batzuetan kokatzen zirenak. Horietako batzuk, gainera, material zehatzekin egin behar ziren, Tyet edo Isisen Korapiloa kasu, zeinak Hildakoen Liburuko 156. aztikeriaren arabera, kornalinazkoa izan behar zuen.
Materialei buruzko espezifikotasun hori materialaren beraren eta kolorearen esanahi sinbolikoarekin lotuta dago, eta bi alderdi horiek, aldi berean, amuletoak zaukan boterearekin lotzen ziren.
Ekimen honen bidez, Museoak berriz ere alternatiba abangoardistak eskaini nahi ditu ikasturte honetan; programazio zabala prestatu du horretarako, non hurbileko kulturan oinarritutako jarduerak gailenduko diren.
Alderdi horiek eta Berreginen Museoaren 2023-2024 programazioaren nobedade guztiekin lotutako beste kontu batzuk izango dira azaroko hitzaldian garatuko diren gaiak. Hitzordua azaroaren 30ean izango da, 18:00etan, Museoan bertan. Sarrera doakoa da, eta parte hartzeko nahitaezkoa izango da aldez aurretik sarrera bat eskuratzea Berreginen Museoko webgunearen bidez: www.bilbokoberreginenmuseoa.eus
Bizkaiko erakunde honek bere jarduera urtetsuenaren aldeko apustua egiten jarraitzen du. Izan ere, hamalau urte baino gehiago daramatza hilean behin erakundearen bilduma eta erakusketak gertutik aztertzen, eta dagoeneko hiriko kultur erreferenteetako batean bilakatu da.
Berreginen Museoa 2006ko azaroan ireki zen berriro, Mariaren Bihotza eliza zaharraren egoitzan, eta Bizkaiko hiriburuko zaharrenetakoa da. Duela 80 urte sortua, bere generoko museoen artean onenetakoa da, ikusgai dauden erreprodukzioen hautaketagatik eta kalitateagatik.
“Artelana bere testuinguruan” ekimenak ez du inoiz huts egiten, eta ikuspuntu paregabea eskaintzen du Berreginen Museoaren bildumari buruz.