Bilboko Berreginen Museoak 18 urte bete ditu eta publikoari aukera emango dio bertako erakusketaz kandela-argitan gozatzeko
Bisitariek kandela-euskarri bana jasoko dute Bizkaiko erakundera “AMA” aldi baterako erakusketa berriaren piezak ikusteko sartzen direnean.
Gainera, bisita autogidatu honetan, erakusketarekin zerikusia duten testuen audioak entzun ahal izango dituzte.
Hitzordua 2024ko azaroaren 21ean izango da, osteguna, 18:00etatik 20:00etara.
Ez da beharrezkoa aldez aurretik tokia erreserbatzea eta sarrera doakoa da.
Hemezortzi urte igaro dira 2006ko azaroaren 21ean patronatu-kideen, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren laguntzarekin, Bilboko Berreginen Museoak Mariaren Bihotzaren Eliza zaharrean ateak ireki zituenetik.
Orain Bizkaiko erakundeak bere hemezortzigarren urtemuga ospatzen du, dagoeneko tradizio bihurtu den “Kandelen argipean” izeneko jarduerarekin. Gaur egunera arte, bisita gidatua beti egiten zen erakusketa aurretiaz kandelekin argiztatuta ezagutzeko, baina aurten ekitaldia desberdina izango da. Berreginen Museoak jardunaldi hau jarduera autogidatu bihurtzea erabaki du, non publikoak, “AMA” aldi baterako erakusketako lanak ezagutzearekin batera, aldi berean piezak argiztatu ahal izango dituen. Horretarako, bisitariek kandela-euskarri bana jasoko dute Museora sartzerakoan eta horrekin erakusketa euren erritmoan ikusteko aukera izango dute.
Gainera, sarreran eskuragarri egongo den QR kode bati esker erakusketako testuen audio guztietarako sarbidea izango dute, nolabaiteko “antzerki” kutsuarekin.
Hitzordua 2024ko azaroaren 21ean izango da, osteguna, Berreginen Museoan. Jendea doan sartu ahal izango da 18:00etatik 20:00etara, aldez aurretik erreserba egin beharrik gabe.
Kandelekin argiztatutako ibilbidea duela urte batzuk hasi zen, Berreginen Museoaren urteurrena ospatzeko ekintzen baitan. Gaur egun, eta izan duen arrakastagatik, ekitaldiak urtero leku bat merezi du erakundearen programazioaren zerrenda luzeko jardueren artean.
Kandelek proiektatutako argiak piezak argiztatzeko duen moduari esker, ikusleak gai dira pieza horien zenbait xehetasun hautemateko, eta beste era batean ez litzateke posible. Horixe da bisita horren magia. Gainera, museoa argi guztiak amatatuta ikusteak, kandelen distirarekin baino ez, jarduera paregabea eta berezia sortzen du.
“AMA” aldi baterako erakusketa
Bilboko Berreginen Museoak oraintsu aurkeztu du “AMA” aldi baterako erakusketa berria, Jose Pablo Arriaga eskultorearen eta Euskal Museoaren eskutik. Amatasunaz hitz egiten duen erakusketa da, seme-alaben oroitzapenetatik sortzen dena eta arte mota desberdinak nahasten dituena.
Erakusketan, elkarlan handiari esker, Arriagaren, Berreginen Museoaren eta Euskal Museoaren lanak uztartzen dira.
Hemezortzi urteotan zehar, Bilboko Berreginen Museoak bilakaera izan du gero eta zabalagoa den jardueren eta erakusketen programa baterantz. Gaur egun, erakundea nabarmendu egiten da ekitaldien agenda handia eskaintzen duelako eta egunero zenbait ikastetxe joaten direlako erakusketa ezagutzera. Berreginen Museoa Bizkaian erreferentea bihurtu da zenbait arrazoirengatik, hala nola eskultura klasikoz osatutako erakusketa iraunkorragatik, askotariko aldi baterako erakusketengatik edota “Artelana bere testuinguruan” bezalako jarduerengatik. Erakundearen izaeraren adierazle den zantzu klasikoak eta inguruan berezkoa den kultura-aniztasunak bat egin dute espazio horretan, eta lankidetza sustatu da zenbait arlotan.
Publikoa da Museoak Bilboko San Frantzisko auzoan izan duen bizitzan zehar bizi dituen aurrerapenaren eta proiekzioaren arrazoi nagusia, eta publiko hori gero eta gehiago ari da hazten. Gainera, museoaren hezkuntza-programa zabala dela eta, lurraldeko gero eta ikastetxe gehiago bertaratzen dira erakusketa ezagutzera. Horregatik, erakundeak “urtebetetze-ospakizun” berezi hori antolatu nahi du azken 17 urteotan museotik pasa diren guztiei eskerrak emateko. Espazio horretan urtero erakusketak antolatzeaz eta jarduera propioak egiteaz gain, ehunka ekitaldi ere egiten dira, eta horietako asko harreman estua dute erakundea kokatuta dagoen auzoaren bizitzarekin. San Frantzisko eta Bilbo Zaharra inguruan programatu diren kultura-ekimen gehienak ere antolatu dira eliza ohian: Bilbo Zaharra Kulturarako Zubia programan izan den ekimenik jendetsuena Tattoo Adicts izan zen, eta BAD, Zinegoak Caostica edota Fair Saturday ere antolatu dira.
Bestalde, museoaren ateak beti daude irekita hiriko eta lurraldeko bizitza kulturalerako. Izan ere, liburuen aurkezpenak, modako desfileak, zinemako filmatzeak, pintxoen aurkezpenak, konferentziak eta abar antolatu dira bertan.
“Kandelen argipean” bisitaren fitxa teknikoa:
Eguna: Azaroaren 21a
Ordua: 18:00etatik 20:00etara.
Tokia: Bilboko Berreginen Museoa
Prezioa: Doakoa
Aldez aurreko izen-ematea: Ez