Periklesen Atenas

Ibilbide tematikoak

Sarrera

K.a. 480. urtean greziar hiri batzuen koalizioak lidertzat Xerxes Errege handia zuen pertsiar armada boteretsua garaitzea lortu zuen. Hurrengo hamarkadetan Atenas greziar munduko potentzien artean eragin handienekoa bihurtu zen. Haren liderrek jakin izan zuten beren trebetasun politikoa eta beren flota erabiltzen Mediterraneoa mendean hartu zuen itsas inperioa eraikitzeko.

Loratze hori berebiziko eraikuntza programa batean gauzatu zen. Artearen bidez munduari Atenasko demokraziaren dohain parerik gabeak erakusteko ahalegina egiten zen. Loriazko urte horietan, Atenasek Perikles izan zuen lider, garaiko politikarien artean eragin handienekoa. Hark bultzatu zituen hiria berriztatzeko eta edertzeko lanak. Lanik garrantzitsuenek Atenasko esparrurik sakratuena izan zuten ardatz: Akropolia, hiria mendean hartzen zuen harkaitza.

Periklesek garaiko artistarik onenak jarri zituen proiektuan lanean. Haien artean Fidiasek distira propioa izan zuen. Pixkanaka, pertsiarrek hamarkada batzuk lehenago suntsitutako eraikinak berragertzen hasi ziren Akropolian. Berritze programa horren erdigunean Atenea jainkosa zegoen. Jainkosa babeslearen gurtzatik ondo pentsatutako propagandako programa bat abiatu zen, zeinak arkitektura eta erlijioa erabili zituen hiri greziarraren eredu gisa bereizteko.

Ahalegin horiek guztiak indar handiagoz islatu ziren Partenoian, jainkosarentzako benetako luxuzko etxea. Akropolia oro har eta Partenoia partikularrean pertsiarren aurkako garaipenaren ondorioz loratuak, atenastar inperioaren sinbolo ikusgarriak ziren. Eraikuntza eta dekorazioa ardura handiz diseinatu ziren mezu argi bat transmititzeko: garaipena eta hiriaren garapen kulturala Atenearen babesari esker lortu ziren.