Sarrera
Bere burua eskultoretzat zeukan Michelangelok. Horrela sinatzen zituen gutunak: Michelangelo Buonarroti scultore. Eskultore, pintore, arkitekto eta poeta, bere belaunaldiko artista garrantzitsuena izan zen, zalantzarik gabe. Baina hark bereziki eskultoretzat zeukan bere burua, diziplina horretan egin zuelako distira bestelako modu batez. Gutariko gehienok David baino lehenago izan arren gogoan Kapera Sixtinoa.
Haren bitartekoa eskultura izan zen. Haren gaia, giza gorputza; batez ere gizonezkoarena. Florentzian ikasi zuen, eta han gorpuak disekzionatzeko eta, horri esker, giza anatomia xehetasunez eta bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuen. Bestalde, Erromako antzinako onenak ezagutu zituen. Eskultura klasikoa aztertzeak naturalismora eta edertasunaren bilaketara gerturatzea ahalbidetu zion, greziar munduaren berezkoak biak.
Michelangeloren artearen ezaugarri nagusietako bat giza formen interpretazio karismatikoa da. Haren pertsonaiek indarrez eta intentsitatez gainez egiten dute. Hainbeste non haren estiloa definitzeko terribilita italiar hitza erabili ohi den. Hitza Julio II.a aita santuak sortu zuen; artistari uomo terrible zeritzon.
Julio II.aren Hilobia
1505ean Michelangelok bere bizitzako enkargurik arazotsuena jaso zuen. Julio II.a aita santuak bere hilobia diseinatzeko eskatu zion. Vatikanoko Done Petri basilikan ezarri nahi zuen. Baina horretarako eliza ere erreformatu behar zuen.
Michelangelok interes eta ahalegin handiz hasi zuen proiektua. Sei hilabete eman zituen Carrarako harrobietan, marmola aukeratzen. Baina laster iritsiko zen frustrazioa. Hilobira bideratutako dirua Basilikara desbideratzen hasi zen. Aldi berean, aita santuaren interesak ere norabidez aldatu ziren.
Julio II.a 1513an hil zen eta hilobian ia ezer ez zegoen bukatuta. Beste 40 urtez luzatu ziren lanak, 1545era arte. Azkenean, hilobia, guztiz aldatua hasierako proiektuarekiko, San Pietro in Vincoli elizan ezarri zen.
Michelangelok jatorrizko proiekturako diseinatu eta azkenean hilobian ezarri zen eskultura bakarra Moisesena izan zen. Gainerakoak azken proiekturako sortuak dira edo, bestela, laguntzaileekin lankidetzan egindakoak. Hala ere, lehen proiektuetarako sortu eta azkenean erabili ez ziren piezak ere kontserbatzen dira, hain ezagunak diren Esklaboak, adibidez.
Moises
Estatua alturan ezartzeko diseinatu zen, hilobiaren izkina batean. Azkenean, erdian ezarri zen, beheko aldean, posizio argi eta garbi protagonistan. Ezin zaio begiratzeari utzi, hain da indartsua daukan presentzia.
Irudi luke Moises, une batetik bestera, eserlekutik altxatuko dela, Israelgo herriari oihuka Jainkoarekiko Aliantza hautsi duelako. Baina, aldi berean, hauteman dezakegu Moises bere sumina menderatzeko eta lasaitzeko gauza dela. Hain kontzeptu kontrajarriak adierazteko, Michelangelok lerro desberdinak darabiltza figuraren diseinuan. Moisesen ezkerreko soslaiak sigi-saga egiten du. Eskuinekoa lerro bertikal baten barruan mantentzen da. Aurpegia bere ezkerretarantz jiratzen da suminez. Ezkerreko ukondoa eta belauna irtenda daude eta alde bereko oinak lehen behatza baino ez du zoruan bermatuta. Eskuinean, besoa irmotasunez bermatuta dago. Eskua bizarrarekin jolasean ari da. Eta belauna, zangoa eta oina 90 graduko angeluetan jiratzen dira, multzo osoari oreka emanez. Horrela lortzen du ezkerraldean Moises hartua duen sumina ikus dezagun, eta eskuinean hark bere burua nola kontrolatzen duen.
Alderdi tekniko asko mirets ditzakegu Moisesen eskulturan. Hala ere, figura bere adarrengatik egin da ezagun. Ez dira ez artistaren irudimenaren fruitu, ezta Bibliako patriarkaren irudikapenean egindako akats bat ere. Izatekotan, San Jeronimoren itzulpen akats bat, gure aldiko IV. mendean. San Jeronimok Biblia latinera itzuli zuen. Exodoko pasarte horretara iristean, hebreerazko karan hitza adar itzuli zuen, haren beste esanahia erabili beharrean: argizpia. Horrela, Michelangelok erabilitako Biblian irakurtzen zen: cornuta esset facies sua.
Adarrak alde batera utzita, Moises Michelangeloren lehen maisulanetako bat da. Hartan artistaren gaitasun osoa ikusten da. Garaikideak baino urrunago iristeko trebetasuna; marmolari bizitza ematekoa. Moisesen aurpegia tentsioan dago, erne. Ezkerreko besoa haren samin guztia geldiarazteko gauza da, eskuinekoak bizar leun eta arola laztantzen duen bitartean, ia kotoizkoa dirudiena. Moisesek perfekzioz laburbiltzen du Michelangelo eskultorearen jenialtasuna.
Esklabo Hilzoria
Arte liburuek Esklaboa deritzote eskultura honi, Baina, berez, Michelangeloren biografoen arabera, preso bat da.
Hemen ikusten dugun Preso-Esklaboa Parisko Louvre Museoan kontserbatzen diren bietako baten kopia da. Baina beste bost daude Florentzian; lau, Akademiaren Galerian, eta beste bat, Buonarroti Etxean. Guztiak Julio II.a aita santuaren hilobiaren behealdea dekoratzeko proiektatu ziren. Baina, proiektua aldatu eta txikiago bihurtu ahala, figura horiek alde batera utzi ziren. Azkenik, hilobia San Pietro in Vincoliko elizan ezartzea erabaki zenean, guztiz alde batera utzi ziren. Handiegiak ziren diseinu berrirako.
Ez dakigu seguru zer irudikatu nahi zuen Michelangelok figura hauen bidez. Ascanio Condivik, haren biografoetako batek, dioenez, presoak arte liberalen irudiak izango lirateke. Aita santua hil ondoren, arteen mezenas handia, arteak gidaririk gabe geratuak izango ziren, ziurgabetasunaren mende. Arrazoibide horri jarraituz, Esklabo Hilzoria pinturaren irudikapena izango litzateke. Haren ezkerreko zangoaren atzean tximu baten figura ikus daiteke amaitu gabe. Erdi Aroaz geroztik esaten zen pintura ars simia naturae zela izadia fideltasunez handienez irudikatzen zuena zelako.
Estatua amaitu gabe dago. Baliteke Michelangelok bertan behera utzi izana ezin zelako amaitu hautsi gabe. Figuraren ingerada marrazteko marmola kentzerakoan, laguntzaileetako bat okertu egingo zen beharbada, eta horrek ezinezko bihurtuko zuen eskuineko oina amaitzea.
Sakristia Berria
Michelangelo Julio II.arentzako Hilobian lanean ari zela, aita santu berriak beste enkargu bat egin zion. Leon X.ak beste hilobi bat eskatu zion. Baina, kasu hartan, Medici familiako hainbat kiderentzakoa. Hartan ehortzi behar ziren Lorenzo Bikaina, aita santuaren aita, Lorenzoren anaia Giuliano, aita santuaren anaia Nemourseko dukea eta haren iloba, Lorenzo II.a Urbinoko dukea.
Hilobiak Florentziako San Lorenzo elizako Sakristia Berrian eraiki behar ziren. Eraikin berean zeutzan ordurako beste Medicitar batzuk. Kosme Zaharra aldarearen azpian ehortzita zegoen eta haren seme Pietro (Bikainaren aita) eta Giovanni Sakristia Zaharrean.
Sakristia Berriak Zaharra imitatu behar zuen eta tenpluaren burualdearen bestaldearen ardatz simetriko gisa baliatu behar zen. Baina lehengo eraikinak kanpoaldea baldintzatzen bazuen ere, ez hala barnealdea. Han Michelangelok erabateko askatasuna eman zion bere sormenari eta bere lanik distiratsuenetako bat egin zuen.
Espazioak kubo baten forma dauka. Bere barruko dekorazioarengatik Erromako Panteoia gogora dakarren kupula batez dago estalita. Espazio kubiko horri atxikita, antzeko beste bat dago, txikiagoa, eta hartan aldarea ezarri zen. Dekorazioak marmol zuria eta harri grisa konbinatzen ditu, Florentziako Errenazimentuaren hain tipikoa.
Lorenzo de' Medici
Gaur egun Kaperan ikus ditzakegun hilobiak Leon X.aren anaia Giuliano Nemourseko dukearenak eta haren iloba Lorenzo Urbinoko dukearenak dira. Lorenzo Bikainarena eta haren anaia Giulianorena amaitu gabe geratu ziren eta biak aldareari begira dauden Ama Birjinaren, San Kosmeren eta San Damianen figuren azpian ehortzi zituzten.
Michelangelok zizelkatutako hilobi-multzo ospetsuak kaperaren alboetan daude, bata bestearen aurrean, hormaren behealde osoa hartuz. Espazioa elementu eskultorikoen eta arkitektonikoen konbinazio baten bidez artikulatzen da, zeinaren erdian sarkofagoak nabarmentzen diren, haiei buruzko alegoria banarekin, eta dukeen figurak, paretan zulatutako horma-hobi estuetan txertatuta.
XVI. mendetik beretik hasita Il Pensieroso ezizenez deitua, Lorenzo bizitza kontenplatiboaren irudikapentzat jotzen da. Dukeak ezpainak ukitzen ditu ezkerreko eskuarekin, introspekzioaren sinbolo unibertsal batean, aldi berean zapi bati eutsiz bere ukabil ia itxian. Eskuineko besoa postura apetatsuan dago, gorputzaren ezkerraldearekin kontrastean, urte batzuk geroago arrakasta izango duten forma manieristak aurreratuz.
Lorenzoren ezkerreko ukabilaren azpian, kutxa bat ageri da zeinaren aurrealdean saguzar bat ikusten dugun. Batzuek interpretatzen dute ontzi hori parsimonia, antzinakoen arabera Estigia Aintzira zeharkatzeko Karonteri ordaindu behar zitzaion oboloa, gordetzeko erabiltzen dena dela.
Cortile delle Statue-ko eskulturen bilduma
Laokoon eta haren semeen multzo eskultorikoaren aurkikuntzak, 1506ko Erroman, antzinaro klasikoko edertasun gorenaren behaketarako patio baten eraikuntza sustatu zuen. Cortile delle Statue horrek, gaur egungo Vatikanoko Museoen ernamuina, Erroman aurkitutako antzinako estatuarik onenak bildu zituen eta ikasteko leku bihurtu zen berdin artista hasiberrientzat nola maisu kontsakratuentzat.
Aitasantutzarako egindako lanari esker, Michelangelok sarbide iraunkor eta etengabea izan zuen Cortilera, hil artean erabili ahal izan zuen Belvedereko bilduma inspirazio iturritzat hala konposizioaren nola anatomiaren aldetik, bere sormen eskultoriko eta piktoriko propioetarako.
Laokoon eta haren semeak
1506ko urtarrilaren 14an, Erroman ehortzita agertu zen Laokoon eta haren semeen multzo eskultorikoa, beharbada gaur egun Vatikanoko Museoetako eskulturarik ospetsuena. Gertatu ohi den moduan, aurkikuntza kasualitatearen fruitu izan zen. Felice de Fredis zeritzon erromatar batek atera zuen argira, putzu bat industen ari zela bere vignan, Eskilino muinoan. Ia berehala zabaldu zen albistea Erroma osoan zehar eta harago, eta era guztietako begiluzeak hurreratu ziren eskultura ikustera. Horien artean, Michelangelo. Aurkikuntzaren berri izan bezain laster, Julio II.a aita santuak multzoa erosi nahi izan zuen Vatikanora eramateko. Baina ezer egin aurretik egiaztatu egin behar zuen aurkikuntza benetan garrantzitsua zela. Horretarako Giuliano de Sangallo bidali zuen hara, orduko bere arkitektoa. Michelangelo Sangalloren adiskidea zen eta lagundu egin zion obra baloratzen.
Multzoa oso ondo kontserbatuta zegoen. Hiru pertsonaiak ia ukitu gabe zeuden. Ikusi orduko Michelangelok eta Sangallok pentsatu zuten Plinio Zaharrak Historia Naturala ospetsuan aipatutako eskultura bat izango zela. Egile latindarraren arabera, estatua hura behar zen.«... guztien aurrean ezarri, ez estatuen artean soilikbaita pinturaren aurrean ere...». Argi zegoen merezi zuela erostea eta horixe egin zen. Argira irten eta hilabete eskasera, Laokoon Vatikanoan sartzen ari zen. Han inspirazio iturri izan zen artista belaunaldi osoentzat eta, bereziki, Michelangelorentzat; troiar apaizaren eta haren semeen anatomiak inspiratu zuen Kapera Sixtinoan.
Belvedereko Torsoa
XV. mendearen hasierako une batean, garai guztietako artistentzat inoizko figurarik inspiratzaileena izango zen antzinako eskultura baten zatia aurkitu zuten Erroman. Gorputz-enborra eta oinarria baino kontserbatzen ez zen estatua bat zen, bururik, zangorik eta besorik gabe. Hala ere, artisten eta bidaiarien arreta piztu zuen ordurako, hain zegoen bikain egina.
Zatikatuta zegoenez, Torsoa arreta-gune bihurtu zen Vatikanoko estatuen artean. Askotan gertatzen zen artistek antzinako ez osoak nahiago izatea beren sormen lanetarako inspirazio iturri gisa. Artearen Historia osoan zehar, garai guztietako artistek egin diete erreferentzia, beren sormen lanetan, iraganeko beste batzuei, figura ezagun bat edo pose esanguratsu bat hartuz konposizio berri baterako abiapuntutzat. Horixe bera egin zuen Michelangelok Belvedereko Torsoarekin. Artistaren obra askok ekartzen dute gogora berebiziko gorputz helenistiko hau, baina beharbada adibiderik argienetakoak Sakristia Berriko Lorenzo Mediciren figura (zeinaren berregina Museoaren 0. solairuan ikus daitekeen) eta San Bartolomerena dira, azken hori Kapera Sixtinoko Azken Juizioan (adibide eskultoriko bat eta beste bat piktorikoa jartzearren).
Michelangeloren ustez, Torsoa antzinako eskulturarik nabarmenena zela zabaldu zen XVI. mendean, nahiz eta ez den kontserbatzen artistak horretaz emandako iritzirik. Egia da askotan izan zuela inspirazio iturri eta abiapuntu, baina gauza bera egin dute une batean edo bestean estatuarako sarbidea izan zuten artista ia guztiek, Michelangelorengandik hasita, XVI. mendean, Picassorenganaino, XX. mendean, tartean Rubens eta Turner bezalako figurak direla.