Moisesen jatorrizko estatua Julio II.a aita santuaren hilobiaren dekorazioaren parte da, Erromako San Pietro in Vincoli elizan. Multzoa Michelangelo Buonarroti florentziar eskultore ospetsuaren obra da. Horretan, Moisesek behealdeko erdigunea hartzen du. Jatorrizko estatua Carrarako harrobietako marmol zurian zizelkatuta dago.
Moisesen presentziak zirrara eragiten du. Haren ezkerraldeari begiratuz gero, badirudi Moises altxatu egingo dela, suminduta, une batetik bestera. Haren gorputzaren eskuinaldea, aldiz, patxadaren sinonimo da. Eskuineko eskua bizarrarekin jolasten ari da, eta oina atseden hartzen lurrean bermatuta. Michelangelo maisu handia izan zen irudi bakarrean aldarte bat baino gehiago irudikatzen, eta Moises trebetasun horren adibide perfektua da.
Xehetasun txiki batek atentzioa ematen du figuran. Bi adar dauzka buruan. Irudikapenean, Michelangelok Biblia latinoko testuari jarraitzen dio, hark Moises adardun deskribatzen baitzuen Sinai menditik jaistean, Itunaren Taulak jaso eta gero.