Kopia honek Zeusen Aldarea dekoratzen zuen Pergamoko (Turkia) Gigantomakiaren Frisoaren zati bat erreproduzitzen du. Gigantomakia greziar munduko borroka mitologiko garrantzitsuena zen, Olinpoko jainko-jainkosak Erraldoiekin aurrez aurre jarri zituena. Zeusen Aldarea, berriz, tenplu bat izan zen, Pergamo hiriko akropoliko edo goialdeko terrazetako batean eraikia. Haren erdigunean, kolomadi batek inguratua, tenpluak aldare handi bat zuen sakrifizioak erretzeko. Friso dekoratiboak, bi metro baino gehiago altu eta 100 metro baino gehiago luze, eraikinaren perimetroa dekoratzen zuen.
Frisoko multzoa adierazkortasunagatik nabarmentzen da. Figurak olatuen erritmoan mugitzen ari direla dirudi guduaren harrabotsaren erdian. Gorputzak puztu egiten dira, anatomia esajeratu, eta kontserbatzen diren Erraldoien aurpegiek garaitu egin dutela dakienaren larrimina adierazten dute bete-betean. Friso hau aro helenistikoko Pergamoko estilo barrokoaren eredutzat jotzen da. Eredu horri jarraituz zizelkatuko ziren, geroago, Samotraziako Garaipena eta Laokoonen multzoa ere.
Jainko-jainkosen erregea, Zeus, erdian, Erraldoien errege Porfirionen aurka borrokan ari da; Porfirion bizkarrez ageri da eskuinaldean. Porfirionen zangoak sugeak dira, Gearen, Ama Lurraren, seme bati dagokion moduan. Zeusek bere tximista bat jaurti berri du erraldoiaren zangora; erraldoia lurrean ageri da, ezkerraldean. Olinpo erregearen eskuineko eskua beste tximista bat jaurtitzear dago, gaur egun galduta dagoena.